Ikusle datuak

Finaleko penaltiek %83ko ikusle kuota izan zuten, eta marka berri bat ezarri

Espainiako Kopako finalak sekulako ikusle datuak izan zituen. Penaltien emanaldiak %69,1eko ikusle kuota izan zuen La1 katean, eta %13,9koa ETB1en. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak dira.

Espainiako Kopako finaleko penaltiak. RAUL CARO / EFE
Espainiako Kopako finaleko penaltiak. RAUL CARO / EFE
urtzi urkizu
2024ko apirilaren 8a
10:00
Entzun

Oso zaila da jakitea zehatz-mehatz larunbat gauean zenbat jendek ikusi zuen Athleticen eta Mallorcaren arteko finala. Aintzat hartu behar da Sevillako Cartuja estadioan (Espainia) milaka zale zeudela, hiri berean beste milaka zale aritu zirela partida ikusten, San Mamesen beste 50.000 lagun zeudela partida ikusten, eta Bizkaiko herri ugaritan jarritako pantailetan asko aritu zirela finala ikusten. Edonola ere, Kantar Media enpresak emandako informazioaren arabera —laurehun audimetroren datuak erabiliz—, penaltien emanaldiak marka berri bat ezarri zuen: une horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan telebista irekian ikusten ari ziren herritarren %83k penaltiak ikusi zituzten; La1ko gaztelaniazko emanaldiak %69,1eko ikusle kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %13,9koa.

Partidaren lehen 90 minutuetan eta luzapenean ere datuak oso onak izan ziren: lehen 90 minutuetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %55,5ek La1n ikusi zuten partida; ETB1en, %12-13 inguruk. Luzapeneko 30 minutuetan, bestalde, %61,9k ikusi zuten La1ko emanaldia, eta %12,9k ETB1ekoa.

ETB1ek 21:00etan hasi zuen finalaren gaineko emanaldia, eta 02:00etara arte luzatu zen. Emanaldi osoak %13,5eko batez besteko kuota izan zuen; 190.000 herritarrek jarri zuten uneren batean euskarazko emankizuna. Larunbat osoan ETB1ek %10eko batez besteko kuota izan zuen (aurreko hilabeteko kuota %2koa izan zuen). ETB2k saio berezi bat eman zuen arratsaldean, 18:00etatik 21:00etara, eta %16,4ko ikusle kuota lortu zuen —uneren batean 300.000 ikusle izan zituen—. Martxoan ETB2k %8,6ko kuota izan zuen.

Ostegun arratsaldean, ETB1en eta ETB2n Athleticen ospakizunen inguruko programazio berezia emango dute. Talde publikoak helikoptero bat kontratatzeko asmoa du, gabarrako ospakizunen berri emateko, eta horrek 40.656 euroko kostua izango du. ETB1eko saio berezia Jon Balentziagak eta Ana Ramosek aurkeztuko dute, 15:45ean, Bilboko udaletxetik. ETB2ko Quédate. Especial Gabarra saioa 16:15ean hasiko da, eta Patxi Alonsok eta Leire Torrek aurkeztuko dute —itsasadarrean plato berezi bat prestatuko dute—. Bost orduko programa bereziak izango dira. Helikopteroaz gain, droneak eta katamaran bat erabiliko dituzte.

Reala-Athletic finalak baino datu hobea

Aipatu bezala, larunbateko finalaren penaltiek marka berri bat ezarri dute. Aurreko marka 2010eko Munduko Kopako finaleko luzapenak zuen; Espainia eta Herbehereak izan ziren final hartan lehian, eta luzapenak %80,4ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Espainiako Kopako beste bi finalen datuak aztertuz gero, bestalde, Athletic-Mallorca finalaren datuetara ez ziren iritsi: Realak eta Athleticek 2021eko apirilaren 3an jokatu zuten finalak %73,6ko kuota izan zuen —Tele5ko emanaldiak %51,7ko kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %21,9koa—. 2015ean Athleticek Bartzelonaren aurka jokatu zuen finalak, berriz, %59,7ko kuota izan zuen —soilik Tele5k eman zuen—.

Aurten, maiatzaren 18an, ETB1ek beste final bat emango du: Realak eta Bartzelonak jokatuko dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.