Hirugarren agintaldia du jada Frantziako irrati-telebista publikoaren gidaritzan Delphine Ernottek (Baiona, 1966). Gutxienez beste lau urtez ariko da France Televisionseko presidente eta zuzendari nagusi. Taldearen egitura berria aurkeztu du, «streaming first estrategia bizkortzeko», eta horrekin batera izendapen batzuk egin ditu. Kasurako, Stephane Sitbon-Gomez orain arte antena eta programen zuzendaria zen, eta aurrerantzean zuzendari laguntzailearen kargua beteko du, eta estrategia editorialaz arduratuko da. Skander Ben Attia Produktu eta Teknologia zuzendari berria izango da. Eta Encarna Maquez izango da adimen artifizialaren eta datuen zuzendaria.
Taldearen estrategia digitala bizkortu egingo dutela iragarri du Ernottek. «Horrek aukera emango dio France Televisions taldeari sendoagoa izateko sektorean gertatzen ari diren aldaketei begira, erabilera pluralagoak eskaintzeko eta ikus-entzunezko sektoreko inguru guztietan zerbitzu publikoa zabaltzeko». Talde publikoan garatuko duten erreforma horrek hamar langiletik seiri eragingo die. Esperientzia digitala «norabide guztietan» bideratu nahi dutela iragarri dute. Hortaz, saio batzuk hasieratik pantaila guztietarako diseinatuko dituzte.
Apirilaren 23an, Frantziako talde publikoak jakinarazi zuen Youtube atariarekin akordio estrategiko bat hitzartu duela. Horren bitartez, albistegi, magazin eta kazetaritzako saio guztiak Youtuben jartzen dituzte.
Beste komunikabide publiko asko antzeko prozesuetan murgilduta daude, buru-belarri. BERRIAk otsailaren 19an argitaratu zuenaren arabera, EITBk transformazioa bizkortu nahi du aurten. Xedeen artean, honako hauek ditu Euskal Irrati Telebistak: «Gazteekin produktu digitalen bidez konektatu nahi du EITBk. Horretarako, Eitb.eus webgunea eguneratuko dute; Youtuben eskuzabaltasuna izango dute euskarazko edukiekin; plataforma taldea sortuko dute; eta plataformen garapen teknologikorako plan bat osatuko dute».