2015eko urtarrilean ekin zion bideari ETBko Herri txiki, infernu handi saioak. Pasatu da denbora, baina ikus-entzuleen gogokoa da oraindik ere euskarazko programa hori, eta dagoeneko hamabigarren denboraldira iritsi da. Bihar gauean hasiko dute sasoi berria Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales aurkezleek, Sebastian Lizaso bertsolariarekin batera, Gartzain herrian (Nafarroa).
Orain arteko 11 denboraldietan, 280 herri edo auzo txiki bisitatu dituzte Orio Produkzioak ekoiztetxearen saioan. Hamabigarren denboraldi honetan, beste 22 atal egingo dituzte, eta ekainaren 29ra arte iraungo du sasoiak. Horiek horrela, espero dute hirurehun atalen langa gaindituko dutela ekain aldera.
Saioaren helburuak lehengo berak dira, Orio Produkzioak ekoiztetxeak azaldu duenez: gertutasuna eta umorea, eta bisitatzen diren herriek, herritarrek eta etxeko ikus-entzuleek tarte atsegin bat pasatzea.
Udazkenean eta neguaren hasieran, ETB1ek Euskal Herria Hegan saioa eman du igande gauetan. Haren lekukoa hartuko du Herri txiki, infernu handi-ren hamabigarren denboraldiak. Miren Nogalesentzat laugarren denboraldia izango da, eta Pagadirentzat, hamabigarrena. Herri bakoitzeko biztanleen bizitza eta ohiturak ikuspegi umoretsu eta hurbiletik erakusten saiatuko dira aurkezleak.
Gartzaingo kaskoa eta auzoakÂ
Baztan udalerriko hamabost herrietako bat da Gartzain, eta bertako biztanleekin egingo dute topo Nogalesek eta Pagadik. Aitzano, Ariztegi eta Etxerri auzoetan barna ere ibiliko dira. Rally autoen zale batekin ibiliko da Pagadi, eta Gamioko borda baserriaren atariraino joango dira, derrapatuz. Txerri tropel handi samarra ukuilutik larreetara ere aterako dute.

Evaristo Otxandorenak, bestalde, belaunetako errehabilitaziorako prestatu duen zirkuitu berezia erakutsiko du. Pilarreko ermitara joango da Pagadi ondoren beste bi herritarrekin, eta hango tradizioez eta jaiez hitz egingo dute.
Nogalesek behien lehiaketa morfologikoak nola egiten diren deskubrituko du. Baztango gosari oparoen berri ere izango du: taloak frijole, platano ar, ahuakate eta arrautzekin nahasita. Txakur baten agility probak bertatik bertara ikusiko ditu, eta Gartzaingo pilotalekuaren berezitasunak ere ezagutuko ditu. Izan ere, errepideak pilotalekua erdi-erditik zeharkatzen du.
Gartzainen ibili ostean, hurrengo igandeetan herri hauetan ibiliko dira Herri txiki, infernu handi saioan: Lapuebla de Labarcan (Araba), Errigoitin (Bizkaia), Angiozarren (Gipuzkoa), Gaintzan (Nafarroa), Atetzen (Nafarroa) eta Amenduze-Unason (Nafarroa Beherea).Â