Gaur da EITBren maratoiaren eguna

Hamalau orduko etenik gabeko dantza maratoia ere egingo dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Programazio berezia izango dute EITBko hedabide guztiek. Kontrako ahotsak zabaldu dira.

EITBren elkartasun maratoiaren aurkezpena, abenduaren 12an, Bilbon. EITB
EITBren elkartasun maratoiaren aurkezpena, abenduaren 12an, Bilbon. EITB
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkartasun eguna izango du gaur 2025eko EITB Maratoiak, «zahartze osasuntsuan» arreta jarrita. Bizi bedi bizipoza! lelopean, bi helburu izango ditu: ikerketaren garrantziaz sentsibilizatzea eta dirua biltzea. Egitasmoari jarraituz, programazio berezia egingo dute gaur egun osoan EITBn: zuzeneko konexioak egingo dituzte Bilboko egoitzako dei gunetik. Bertan 150 lagun baino gehiago egongo dira egun osoan deiak hartzen.

EITB Maratoiak hamalau orduko etenik gabeko dantza maratoia antolatu du gaurko Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Adituek azpimarratzen dutenez, «dantza oso jarduera eraginkorra da zahartze osasuntsu bat lantzeko», eta, horregatik, jendeari irekitako dantza topaketak antolatu ditu EITB Maratoiak egun osorako. Hala, pertsona anonimoek dantzarako pista bihurtuko dituzte eguneroko ohiko espazioak.

09:00etatik 12:00etara Iruñean hasiko da dantza maratoia, autobus geltoki berrian; ondoren, 12:00etatik aurrera, Gasteizko Boulevard merkataritza gunean izango da lau orduko dantzaldia. Donostiak hartuko du lekukoa, 16:00etatik 20:00etara, Garbera merkataritza gunean. Eta, azkenik, dantza maratoia Bilbora iritsiko da, San Mameseko geltokira. Bertan 20:00etatik 23:00etara dantzatu ahalko da. Dantza estilo ezberdinen erakustaldiak egingo dituzte. Hori guztia streaming bidez eskainiko dute EITBren Youtube kanalean. Egunean zehar, EITBko hedabideetako programa eta albistegiek zuzeneko konexioak egingo dituzte dantza maratoiarekin.

EITBko arduradunen arabera, «zahartze osasuntsuaren garrantzia eta osasun fisikoa eta mentala mantentzeko eta hobetzeko ikerketen beharra izan dira ekitaldiko muina»; eta hori guztia, «ondo bizitako bizialdi luze baten alde».

Ekarpenak egin daitezke Bizum bidez (dohaintza solidarioa: 33478) eta 900-840 750 doako telefonoan (11:00-22:00). Azkeneko asteetan, bestalde, Niko Etxarten Euskal rock n' roll dantzatzen ageri zen jendearen askotariko bideoak jaso eta zabaldu ditu EITBk.

Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemak zahartze osasuntsuaren esparruko 28 ikerketa proiektutan eta azterketa klinikotan parte hartu zuen iaz. Jarduera hori EAEko osasun sistemako profesionalek parte hartzen duten ikerketa proiektu guztien %5,5 da, eta bi milioi eurotik gorako aurrekontua du.

Ikerketa proiektu horiek Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa osasun-ikerketa institutuetan eta Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuan diharduten ikerketa taldeek egiten dituzte. Guztira, 36 ikertzaile ari dira zahartzearen esparruan ikerketak egiten.

Kritika batzuk izan dira

EITBren elkartasun maratoiaren 25 urteetan, gaur arte, hamar milioi euro baino gehiago bideratu ahal izan dituzte 136 ikerketa proiektu bultzatzera, hainbat alorretan: minbizia ―haurrena, biriketakoa, bularrekoa…―, iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen ezgaitasuna, buruko gaixotasuna, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak, besteak beste.

Baina halako maratoiekin zalantzak badira gizarteko zenbait esparrutan. Arritxu Iribar eta Eider Jauregi EITBren LABeko ordezkariek eta Ane Mendibil eta Elena Llanes LAB Helduak eta Pentsiodunak arloko kideek EITB Maratoia, politika neoliberalak estaltzeko artikulua idatzi zuten BERRIAn abenduaren 10ean. Hala diote bertan: «Bereziki mingarria dakusagu EITBren maratoiarekin agintari politikoen zurikeria ariketa. Zahartze osasuntsua. Noiz eta, ia zortzi urteren ondoren, Pentsiodunen Mugimenduak ia 150.000 sinadura aurkeztu dituenean Eusko Legebiltzarrean justu horretarako: zahartze osasuntsurako oinarrizko baldintza materialak ziurtatzeko».

Duela egun batzuk, Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek urteko kanta grabatu behar zuten elkartasun maratoiaren alde. Baina, aurten, bertan behera gelditu zen grabaketa. Izan ere, EH Bilduk iragarri zuen ez zuela parte hartuko, arrazoi hauek emanda: «Ez da koherentea pentsiodunen bizi baldintza duinak bermatzea oinarri zeukan herri ekinaldi legegilea eztabaidatu gabe atzera botatzea eta jarraian zahartze aktibo eta osasungarria aldarrikatzeko dantza egitea». Koalizioak jakinarazi zuen «ordezkari politikoek herritarrei eta politikagintzari zor dioten errespetuagatik» erabaki duela EITB Maratoian ez parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.