LABen EITBko sail sindikaleko eta LAB Helduak eta Pentsiodunak arloko kideak.

EITB Maratoia, politika neoliberalak estaltzeko

Arritxu Iribar eta Eider Jauregi, eta Ane Mendibil eta Elena Llanes
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian taupada solidarioa sustraituriko balioa da. Herriz herri eta auzoz auzo, milaka dira gurean hedaturik dauden elkartasun ekimen kolektiboak. Sen komunitarioa eta elkarrekiko ardura duen herrian bizi gara. Gure jendartean erroturiko DNA hau, ordea, ez da fenomeno meteorologikoa; hamarkada luzetako antolakuntza herritarraren emaitza da.

Ezaguna da, urte amaierarekin batera, kausa solidarioen egitasmoak biderkatzen direla. Horren atzean dauden arrazoietan sartu gabe, guk batean jarri nahi dugu arreta: Euskal Irrati Telebistaren maratoian.

Urtero, EITBko langileon arteko mintzagai bihurtzen da hau: milaka euro eta asmo oneko ekarpenak biltzen dira beharrezkoak diren ikerketa, egitasmo eta kausetarako. Euskal jendartean pobreziak eta prekaritateak hedatzen jarraitzen duten honetan, herritar ugarik haien ekarpen handia zein txikia egiten dute irrati telebistak publikoak sustaturiko maratoiaren bidez. Zoriontzekoa da herritarron inplikazioa, zalantzarik gabe.

Baina, era berean, bada errealitate horren atzean gogoeta eragin eta barrenak pizten dizkigun zerbait: maratoia Jaurlaritzaren politika neoliberalak estaltzeko tresna gisa baliatzen dute. Eta hori ez da onargarria.

Urtero aurrekontu proiektua aurkezten du Gasteizko gobernuak, eta propaganda dosi handiekin gainera. Inbertsio soziala beti da inoizko handiena: hezkuntzan, osasungintzan, politika sozialetan. Kontrara, langileon errentek sostengatzen dute sistema hau, kapital errenten pribilegioak mantentzeko neurriak hartzen direlako, eta, aldi berean, BPGarekiko inbertsio soziala geroz eta eskasagoa da. Osasungintzan eta hezkuntzan %5 inguruko inbertsioa egiten da, eta Europako Batasunean, hurrenez hurren, ia %10ekoa eta %7koa.

Hartara, azken urteetako joera berean mantentzen da egungo Pradalesen gobernua: patronalaren eskariei men egin eta soldata baxuak mantentzeko erabakia hartu (LGS igotzeko HELa baztertuz), kapitalari zerga gutxi ezarri (zerga erreforma justuari ateak itxiz) eta diru publikoarekin negozioa egiteko aukera zabaldu (Euskadi Eraldatuz industria planaren edota zerbitzu publikoen pribatizazioen bidez).

Testuinguru horretan, aurten, bereziki mingarria dakusagu EITBren maratoiarekin agintari politikoen zurikeria ariketa. Zahartze osasuntsua. Noiz eta, ia zortzi urteren ondoren, Pentsiodunen Mugimenduak ia 150.000 sinadura aurkeztu dituenean Legebiltzarrean justu horretarako: zahartze osasuntsurako oinarrizko baldintza materialak ziurtatzeko. Inork pentsa dezake 800 euroko pentsioekin zahartzaro osasuntsua izan dezakegunik? Ia 100.000 pertsonak gutxieneko soldataren azpitik kokatzen diren pentsioak dituzte; hirutik bi, emakumeak. Era berean, helduen egoitzetako langileen lan baldintzek zeharo prekarizatuta jarraitzen dute.

Zalantzarik gabe, herritarron zahartze prozesua duintzeko neurriak behar-beharrezkoak ditugu. Horixe bera aldarrikatu genuen duela bi urte, Greba Feminista Orokorrean, zaintza sistema publiko komunitarioaren alde dena gelditu eta kalera atera ginenean. Baita osasungintza publikoaren alde egindako mobilizazioetan ere; horixe bera, hilabete luzez plazaz plaza jasotako ehunka milaka sinadurarekin, gutxieneko pentsioak osagarritu eta soldata duinak eskatzeko herri ekimenak egin ditugunean.

Herritarron aldarrikapenei muzin egin eta jendarte justuago baten aldeko gogoa telebista emankizun bidez diru bilketa batekin isiltzea ez da ideia ona. Bada garaia propaganda egiteari utzi eta benetako neurri politikoak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.