Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatu eta Kultur Factory agentziarekin elkarlanean antolatutako jaialdia da Crossover. Bederatzigarren urtez antolatu dute Donostian, eta, gaur hasi eta larunbatera bitartean, doako ekitaldi ugari izango dira telesailen kulturaren bueltan.Â
Hilaren 13an aurkeztu zuten aurtengo egitaraua. Orduko hartan, antolatzaileek nabarmendu zuten lehen aldiz kontzertu bat egongo dela eta Gainesposizioa izeneko instalazio artistiko bat izango dela. Guztira, 24 ekitaldi iragarri zituzten.
Lehen egunerako, iragarri zuten Fariba Sheikhan aktorea (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1988) elkarrizketatuko zuela Gaizka Izagirre BERRIAko kolaboratzaileak Klaketa podcastaren (Guau) saio berezi batean. Solasaldi horretara Nagore Aranburu batuko da (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976). Sheikhan aktorea Apple TVko Tehran telesail arrakastatsuko aktoreetako bat da, eta Netflix plataformako Salvador telesailean ere parte hartu du. Aranburuk, berriz, hainbat sari jaso ditu azkenaldian; tartean, Espainiako Zinema Akademiaren Goya saria jaso zuen otsailaren 28an, Los domingos filmean egindako lanari esker. Izagirreren galderei erantzuten ariko dira Sheikhan eta Aranburu gaur, Santa Teresa komentuan (Parte Zaharra), 18:00etan. Sarrera librea da.
Horren aurretik, Ylenia Benitok gidatuta, Aizpea Goenaga antzerkigile, aktore, zinemagile eta Oiasso museoko zuzendaria telesailen inguruan ariko da Ikusle Gonbidatua tartean (17:00). Euskal kulturako askotariko gonbidatuak izaten dira tarte horretan; bihar, bigarren egunean, Edurne Azkarate aktorea izango da gonbidatua, Tabakalerako zinema aretoan, 16:00etan. Ostegunean, berriz, Sara Azurza musikari eta BERRIAko kolaboratzailea gonbidatuko dute.
Gaurko eguna amaitzeko, bestalde, ikus-entzunezkoaren gehiegizko esposizioa aztertuko dute Edorta Subijanak eta Enric Alberok. Santa Teresa komentuan izango da solasaldi hori ere, 19:30ean. Ondotik, Gainesposizioa instalazio artistikoa inauguratuko dute —bihartik maiatzaren 3ra arte izango da ikusgai, Santa Teresan bertan—.
Aurkezpenean iragarritako ekitaldiez gainera, bestalde, Pantomima Full taldeko Alberto Casadok eta Roberto Fernandezek solasaldi batean parte hartuko dute, Mariona Teres aktorearekin batera. Ostiralean izango da hori, Santa Teresa komentuan, 18:00etan. Marina Suchek egingo ditu gidari lanak.
Telesailen proiekzioak ere izango dira egunotan Tabakalerako zinema aretoan: bihar, Under Salt Marsh eta Ravalear; ostegunean, Yo siempre a veces eta Por cien millones; eta larunbatean, Cochinas eta La Nena.
Solasaldi gehienak jaialdiaren Youtubeko kanalean emango dituzte.