Gauzatu da bat egitea: Skydance da talde erraldoi berria

Paramount konpainiak Warner Bros. Discovery erosi du. Horrenbestez, David Ellisonek —Donald Trumpen gertukoa— kontrolatuko ditu Warner zinema estudioak, CNN katea eta HBO Max streaming plataforma. Txosten baten arabera, 4.500 lanpostu galduko dira.

Ynon Kreiz Skydance taldeko zuzendarikide berria, 2024an, New Yorken. SARAH YENESEL / EFE
Ynon Kreiz Skydance taldeko zuzendarikide berria, 2024an, New Yorken. SARAH YENESEL / EFE
urtzi urkizu
2026ko urriaren 6a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikus-entzunezkoen talde erraldoi bat jaio da gaur: Skydance Corporation. David Ellison buru dela, Paramountek 98.164 milioi euro inguru ordaindu ditu Warner Bros. Discovery enpresa bereganatzeko. Gauzak horrela, korporazio bakar batean geldituko dira Warner Bros eta Paramount zinema estudioak; CNN eta CBS telebista kateak; HBO Max, Discovery Plus, Paramount Plus eta Sky Showtime streaming plataformak —momentuz, HBO Max-ek bere marka mantenduko du— eta ikus-entzunezko hamaika frankizia, zerbitzu eta enpresa txikiago. Baita Pluto TV telebista zerbitzua eta Nickelodeon haurrentzako katea ere.

Ellisonek berak Skydance Media ekoiztetxea sortu zuen duela hogei urte. Eta erosketa guztien ostean, Skydance izena jarri dio orain talde erraldoi berriari. Bera izango da presidente eta zuzendari eragilea. Ynon Kreiz izango da zuzendarikidea, eta pisu handia izango du erabakietan. Kreiz Mattel jostailuen enpresako zuzendaria izan da 2018. urtetik, eta haren eskua erabakigarria izan zen Barbie-k zinema aretoetan izan zuen arrakastan. Atzotik ari da Ellisonekin batera lanean. Skydance taldearen jabea, berriz, Larry Ellison handikiaren semea da, eta azken hori Donald Trump AEBetako Gobernuko presidentearen lagun mina da. Gerry Cardinale da zuzendaritzako beste pertsona indartsuetako bat.

Netflix ahalegindu zen abenduan Warner Bros. Discovery erosten, baina Paramountek eskaintza oldarkorra egin zuen berehala; Trumpek esku hartu zuen, eta Netflixek atzera egin zuen erosketa ahaleginean. Ondotik, Paramounten erosketak hainbat pauso judizial eman behar izan ditu, gaur erosketa gauzatu arte. Ekialde Hurbileko fondo batzuen babesa izan du ordainketa egiteko.

Talde berritik kanpo geldituko da, dirutza jaso ostean, David Zaslav, Warner Bros. Discoveryko zuzendaria. Aurreko urteetan, milioika euroko gainsoldatak poltsikoratu ditu, nahiz eta bere konpainia zorretan zen. Warner Bros zinema estudioetako arduradun Mike de Lucak eta Pam Abdyk ez dute talde berrian jarraituko. Ezta Gunnar Wiedenfels Warnerreko finantza zuzendariak ere. 

Ellisonek eta Kreizek gutun bat bidali diete langileei, eta bertan diote kaleratzeak prozesuaren parte izango direla. Los Angelesen argitaratu den txosten baten arabera, 4.500 lanpostu galduko dira telebista eta zinema sektoreetan.

CBS eta CNN telebista kateek iragari dute oraingoz beren ildo editorial propioa mantenduko dutela. Dena den, azpiegitura teknologikoa, kirol eskubideak eta albistegien ekoizpena partekatzeko aukera izango dute. Mark Thompsonek CNNko presidente lanetan jarraituko du. Eta Bari Weiss CBSko editore buru mantenduko da —zer esana eman zuen haren erabaki batek: Trumpen gobernuarekiko kritiko zen saio bat zentsuratu zuen—. 

HBO AEBetan kable bidezko katea da, streaming plataformako eskaintzaz gain. Eta marka hori mantendu egin nahi dute, behin-behinean. Casey Bloys da egun HBOko eduki zuzendaria, eta aurrerantzean ardura gehiago izango dituela argitaratu dute AEBetan. Skydance taldeko plataformen artean, 200 milioi harpidedun inguru dituzte. Etorkizunean, dena den, HBO Max eta Paramount Plus plataformek bat egingo dute. 

Urtean 30-32 film 

Nahiz eta Paramountek iazko abenduan egin zuen Warner Bros-Discovery erosteko eskaintza, oztopo batzuk gainditu behar izan ditu; hain zuzen ere, bi konpainia handien arteko akordioa Alderdi Demokrataren mende dauden AEBetako hamabi estaturen fiskal nagusiek inpugnatu zuten auzitegietan —Kaliforniakoa zen buru—. Zinema arloko profesional ugari, gainera, kezkaz mintzatu dira azkeneko hilabeteetan bat egiteari buruz, eta protestak egin dituzte. Baina, azkenean, David Ellisonek baldintza batzuk onartu, eta erosketa gauzatzeko modua aurkitu du. 

Baldintzen artean honako hauek daude: datozen bi urteetan, Paramount eta Warner Bros estudioen artean —Hollywoodeko bost handien zerrendan daude— urteko 30 film ekoitzi beharko dituzte; hurrengo hiru urteetan, 32 film urteko. Halaber, Paramountek konpromisoa hartu du AEBetako ekoizpenetan urteko 266,6 milioi euro inbertitzeko. Horrekin batera, kazetarien kontseilu bat sortuko dute, CNN eta CBS telebista kateek independentzia editoriala bermatzeko. Bat egitearen ondorio kaltegarriez ohartarazi dute hainbat profesionalek, talde berriak zinema banaketaren merkatu osoaren %27 bereganatuko baitu.

New Yorkeko burtsan gaur goizean hasi da talde erraldoia kotizatzen, Skyd sinboloa erabiliz. Egun historikoa dela adierazi du Ellisonek: «Egun historikoa da, Skydancerentzat ez ezik, industria osoarentzat ere. Gure helburua da sortzaileak indartuko dituen enpresa bat sortzea, publikoa entretenituko duena eta akziodunak sarituko dituena».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA