Hedabide handien kontrola (II)

Trumpen lagun enpresariak

Ameriketako Estatu Batuetako CBS katean aldaketa nabarmenak izan dira konpainiaren jabea David Ellison denetik. «Trumpen inguruko enpresariak hedabide tradizionalen kontrola hartzen ari dira», dio Yerai Diaz Ikaran EITBren New Yorkeko berriemaileak.

Larry Ellison enpresari aberatsa. Haren semeak Paramount eta CBS kontrolatzen ditu. EFE
Larry Ellison enpresari aberatsa. Haren semeak Paramount eta CBS kontrolatzen ditu. EFE
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ellison familiak Donald Trumpekin bat egin du politikoki, lagun handiak dira, eta euren interesak uztartu dituzte». Hala azaldu du Yerai Diaz Ikaran EITBren New Yorkeko berriemaileak —2022. urtetik ari da AEBetan lanean—. Eta badu horrek bere garrantzia. Hedabide handi batzuen jabetza aldaketak askotariko eraginak izan ditu, eta bidean dira beste hainbat aldaketa.

Larry Ellison Oracle enpresaren sortzailea munduko aberatsenen artean bosgarrena da, Forbes aldizkariaren arabera. Haren seme David Ellisonek Skydance Media sortu zuen 2006an, eta, iaz, Paramount konpainia erosi zuen, eta Paramount Skydance Corporation sortu. CBS telebista katea talde horretakoa da, eta Diaz Ikaranek nabarmendu du lehen erabakietako bat editorial zuzendaria aldatzea izan zela: «Bari Weiss izendatu zuten CBS Newseko editore buru, urrian. Trumpen ideologiarekin bat egiten duen kazetari bat da». Duela egun batzuk, Scott Pelley 60 minutes saioko kazetaria kaleratu zuten. «Pelleyk publikoki kritikatu zituen CBSn egiten ari diren aldaketak, eta horregatik kaleratu dute», aipatu du kazetariak. «Salatu duenez, bere informazioetan gezurra esateko agindu izan diote».

CBS kateko albistegietako buru Bari Weiss.
CBS kateko albistegietako arduraduna da Bari Weiss, iazko urritik. VARIETY

CBSk ez du soilik albistegiei dagokion eremua aldatu: 33 urteren ostean, The Late Show gaueko saioa bertan behera utzi dute —Stephen Colbertek maiatzaren 21ean aurkeztu zuen azkenekoz—. «Erabaki horren atzean Trumpen eskua ikusi dute askok, saioan oso kritikoak izan baitira AEBetako presidentearekin», aipatu du EITBko berriemaileak. «Esango nuke CBS ez dela Fox bihurtu, oraingoz behintzat, baina berregituratze sakon batean dago sartuta».

Warner Bros-Discoveryren erosketa

Iazko abendutik, kulebroi bilakatu da Warner Bros-Discovery taldearen salmenta. Abenduaren 5ean, Netflixek iragarri zuen berak erosiko zuela Warner Bros-Discovery. Handik hiru egunera, ordea, Paramountek eskaintza oldarkorra egin zuen. Otsailaren 26an, Netflixek azaldu zuen erosketa jada ez zela erakargarria finantza ikuspuntutik, eta erosketarako hautagai izateari utzi zion; beraz, Paramount zen hautagai bakarra. Eta prozesu horretan dira.

Warner Bros-Discovery konpainiaren parte dira Warner Bros Hollywoodeko zinema estudioak, HBO Max ordainpeko streaming plataforma, kable bidezko CNN, TBS eta TNT telebista kateak, eta Discoveryren kanalak eta plataforma. Tiktok sare sozialaren parte bat ere bereganatuko du Paramountek erosketa horri esker, hau da, Ellison familiak. «Iritzi publikoan aurrekaririk gabeko eragina izateko boterea izango lukete eraikitzen ari diren inperio mediatikoarekin», ohartarazi du Diaz Ikaranek. «Eta eragin handiagoa izango dute ematen den eta jasotzen den informazioari esker». Prozesu horretan sartua da Trump bera. «AEBetako Justizia Departamentuak baimena eman du salerosketa gauzatzeko. Ellisonen eta Trumpen arteko harremanak erraztu egin die beharrezkoak zituzten gobernu baimenak lortzea, prozesuarekin aurrera jarraitzeko». Abokatu batzuk monopolioaren aurkako salaketa jartzearen aldekoak ziren, eta salatu dute objekzio formalak aurkezteko aukerarik gabe utzi dituela Justizia Departamentuak. AEBetako artista ugarik sinatu dute gutun bat Paramount eta Warner Bros. Discoveryren bat egitearen aurka. «Kaleratze asko gertatu daitezkeela ohartarazi dute». Kazetari elkarte batzuek ere egin dute horren aurka protesta.

Ann Telnaesen tira, Washington Post egunkarian.
Ann Telnaesek 2025eko urtarrilean marraztutako tira. 'The Washington Post' egunkariak betoa jarri zion, eta Telnaesek dimisioa aurkeztu zuen.

Ikus-entzunezkoen eremua da hori guztia, baina egunkarien arloan ere badira komeriak. Jeff Bezos enpresariak —Amazon harena da— The Washington Post egunkaria erosi zuen 2013. urtean. Eta azkeneko bi urteetako gertaera batzuk argigarriak dira. 2025eko urtarrilean, Ann Telnaes karikaturagileak dimisioa aurkeztu zuen, tira bat zentsuratu ziotelako. Otsailean, Bezosek iragarri zuen iritzi saileko artikuluak ezingo direla «gizabanakoen askatasunen» eta «merkatu librearen» aurkakoak izan. Ondotik, David Shipley iritzi saileko arduradunak kargua utzi zuen. Eta duela lau hilabete, egunkariak iragarri zuen 300 kazetari kaleratuko zituela. Ahaztu behar ez den datu bat ere bada epe horretan: iazko urtarrilean, Bezosek milioi bat euro eman zizkion Trumpi, presidente izendatua izateko ekitaldirako. Ekitaldi hartan izan ziren, Bezosekin batera, Meta taldeko —Facebook, Whatsapp, Instagram...— Mark Zuckerberg eta Elon Musk, X sare sozialaren jabea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA