Bigarren urtez jarraian, Gaztea irratiak eta Donostiako Tabakalera kultur zentroak Musikaren Eguna antolatu dute elkarlanean. Igandean ospatuko dute jaialdia, Tabakalerako hainbat aretotan. Guztira hogei musika talde eta bakarlari ariko dira, bakoitza ordu erdiko emanaldiak egiten, 11:30etik 23:00etara.
Kontzertuen sarrerak doakoak dira, baina aldez aurretik gonbidapenak eskuratu behar dira Gaztearen webgune batean. Sortaka antolatu dituzte kontzertuak, eta horietako batzuk agortuta daude.
Tabakalerara joan ezin dutenek zuzeneko emanaldi guztiak streaming bidez ikusteko eta entzuteko aukera izango dute Gaztearen webgunean eta Youtubeko kanalean. Halaber, Ainhoa Vitoriak eta Liher Larrañagak Bitan irratsaio berezia egingo dute bertatik. Alexander Padillak eta Ainhoa Etxebarriak, berriz, Salda badugu bideopodcastaren zuzeneko emanaldi berezia aurkeztuko dute, 12:00etan.
Estilo desberdinetako taldeak
Aniztasun handiko musika eskaintzaz gozatu ahalko da Tabakaleran. Oholtza gainera igoko dira Belako, Ane Lukin, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Indigo. Baita Zeatikez, Tatta, Lukiek, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun ere. Gainera, Libe Kortazar & Jon Basaguren, Apotheke 90, GAR, Mugan, Burutik, Silitia, RTZ, Mr. Luken eta Nhil taldeak ere Donostiako jaialdi berean ariko dira. Hortaz, popa, erritmo urbanoak, musika elektronikoa, rocka eta bestelako proposamen alternatiboak izango dira aukeran egun osoan zehar. Gonbidapenik ez da gelditzen jada bederatzi talderen kontzertuetarako. Gaztearen eta Tabakaleraren Interneteko sare sozialetan Musikaren Eguneko «eduki esklusiboak» zabalduko dituztela ere iragarri dute. Jaialdiak Donostiako Udala, Kutxabank, Ihobe eta Gazteaukera erakundeen babesa jaso du, baita Kutxa Fundazioaren laguntza ere.
Iaz antolatu zuten lehen aldiz Tabakalerak eta Gazteak Musikaren Eguna. Orduko hartan, ekainaren 22an egin zuten, eta «arrakastatsua» izan zela nabarmendu zuten antolatzaileek —sarrera guztiak agortu ziren—. Jo zuten talde gehienen kontzertu laburrak Gaztearen Youtubeko kanalean ikus daitezke. Parte hartu zuten musikarien artean, Olaia Inziarte, Gorka Urbizu, Izaro Andres eta Olatz Salvador izan ziren.
Gazteak eta Tabakalera kultur zentroak elkarrekin egin dute lan beste egitasmo batean: Musika irudiak eraikiz. Tabakaleran bertan, Gazteako esatari batek musikari bat edo musika talde bateko kideak elkarrizketatzen ditu. Taldearen edo bakarlariaren bideoklipak jartzen dituzte, eta haien inguruko azalpenak ematen.