EITB Audiok ekoitzitako eta K2000 ekoiztetxeak sortutako saio berezi bat iritsiko da aste honetan: Ainhoa Etxebarriak eta Alexander Padillak saltsaz edo saldaz betetako bideopodcast bat egingo dute EITB taldearen Guau audio plataformarako. Bihar goizean saioaren lehen atala ikusgai eta entzungai izango da. Salda badugu izena jarri diote podcastari.Â
Tarte atsegin bat pasatzen saiatuko direla iragarri dute bideopodcastaren egileek, Guaun irakur daitekeen aurkezpen laburrean. Padilla bera da zuzendaria. «Euskal Herriko famatuak elkarrizketatuko ditugu, bizi dituzten krisialdi existentzialei buruz galdetu, eta beraien saltsa guztiak komentatzeko. Hori guztia salda goxo-goxo bat hartu bitartean». Halako saltsen zalea da Padilla, Gazteako entzule askok dakiten moduan; izan ere, Padiren diariyua izenpean, atal bat egin izan du Gaztea irratiko Gu saioan.
Elkarrizketa «naturalak» egin nahi dituzte saioan. «Umorea, gertutasuna eta konplizitatea izango dira formatuaren ardatzak: zero itxurakeria eta ahalik eta benetakotasun handiena». Dena den, ohiko elkarrizketetatik aldendu, eta salda baten bueltan eseriko dira, bizitzako kontu pertsonalez eta bestelako kontuez hitz egiteko.
Etxebarria eta Padilla belaunaldi berekoak dira. Eta belaunaldi horren kontraesan askotan ere bat datoz. «Gazte sentitzen jarraitzea, helduen bizitza gero eta presenteago dagoenean; lana, planak eta fakturak uztartzea; parranda egitea eta hurrengo egunean damutzea; etorkizuna planifikatzea, eta, aldi berean, dena zalantzan jartzea». Halako kontuez ariko dira bi aurkezleak, «konplizitatea ardatz eta, ahal baldin bada, barre eginez».
Salda badugu podcasteko teknikari lanak Oier Romatetek beteko ditu. Podcasta, Guaun ez ezik, audio plataforma ezagunenetan ere zabalduko dute. Asteazkenero sareratuko dituzte atalak.
Datorren igandean, Gazteak antolatutako Musikaren Egunean, podcast berria oholtzara eramango dute. 12:00etan egingo dute, jendaurrean, eta formatua ezagutzeko aukera egokia izango da.
Hurrengo asteetan, besteak beste, Zuriñe Hidalgo, Mikel Idoate, Edurne Pena eta Aitor Albizua gonbidatuko dituzte Salda badugu-ra.
'benetan zabiz!' bideopodcastak zazpigarren denboraldia hasi du
Lehendik ere nahikoa salda eta saltsa izaten dute Aitziber Gradosek eta Malen Altunak Benetan zabiz! bideopodcastean, eta egunotan hasi dute zazpigarren denboraldia. Maria Blanco izaten dute ohiko kolaboratzaile, eta atzeko ekoizle lanetan Oihane Alonso aritzen da. Guau plataforman entzun eta ikus daitezke aurreko denboraldietako atalak. Ikasturte berriko lehen atalean ez dute elkarrizketarik egin, baina amaieran audio bat bidali diote Beñat Molina Malakias musikariari, hura saiora gonbidatzeko.