gaizka izagirre
Ekografiak

Geratzen den maitasuna

2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

The Love That Remains filmean, Hlynur Palmason zinemagile islandiarrak familia baten haustura hartu du abiapuntu, baina ez du banantze baten ohiko kontakizuna sortu. Godland filmaren handitasun bisualetik eta XIX. mendeko Islandiako paisaia basatietatik aldenduta, esparru intimoago batera garamatza oraingoan: etxe baten barrura, eguneroko keinuetara eta elkar maitatzen jarraitzen duten pertsonen arteko distantzia isiletara. Filmin plataformara iritsi den lan horretan, zuzendariak bizitzaren xehetasun txikietan jartzen du arreta.

Istorioaren erdigunean hiru seme-alaba dituen bikote bat dago, banantzea erabaki duena. Urte oso batean, urtaroen aldaketek markatzen dute familiaren bilakaera, eta pertsonaia bakoitzak bere erara egin behar dio aurre egoera berriari. Ez dago hausturaren ohiko drama edo gatazka handirik. Badira, ordea, elkar ulertzeko saiakerak, isilune deserosoak, ustekabeko gertakariak eta eguneroko normaltasunaren azpian ezkutatzen diren emozio ugari.

Palmasonen begirada gertukoa eta berezia da. Pertsonaiei behatu egiten die, epaitu gabe, batzuetan samurtasunez eta besteetan ironia fin batez. Eguneroko bizitzaren edertasuna eta zentzugabekeria azaleratzen ditu, errealitatearen eta surrealismoaren arteko mugak lausotuz.

Umoreak leku nabarmena hartzen du, sarritan lehorra, ustekabekoa eta ia absurdoa. Zenbait pasartetan Roy Anderssonen zinema gogorarazten du, baina Palmasonek berezko erritmoa eta sentiberatasuna mantentzen ditu. Haren unibertsoan, animaliek, zuhaitzek, urak, haizeak eta objektu arruntenek pertsonaien pareko garrantzia hartzen dute.

Bisualki proposamen berezia da. Zuzendariak berak 35 milimetroko kamerarekin egindako argazkiak samurtasuna eta malenkonia uztartzen dituen iruditeria bat eraikitzen du. Xehetasun txikiei arreta berezia jartzen die, eta umore absurdoaren zein errealismo magikoaren ukituek giro berezia ematen diote filmari.

Zenbait pasartetan abstrakziora gehiegi hurbiltzen da, eta kontakizunak norabidea galtzen du apur bat, baina filma amaitzean, ez dira argumentuaren gorabeherak geratzen gogoan, irudiak eta sentsazioak baizik.

Ez da ohiko narrazio baten erosotasuna ematen duen filma. Baina lan delikatua, bitxia, umorez blaitua eta emozionalki sakona da, amaitu ondoren ere barruan hazten jarraitzen duten horietakoa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA