Gertutasunean bermatuta

Mende laurden bete du jada Durangaldeko ‘Anboto’ hedabideak. Etorkizunera begira, erronkak ez dira asko moldatuko: teknologietara egokitzea eta komunitatea jagotea izango dira gakoak. «Gertuko informazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da».

'Anboto' hedabideko erredakzioa, Iurretan, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Anboto' hedabideko erredakzioa, Iurretan, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Iurreta
2026ko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende laurdenean gauza asko alda daitezke. Hedabideen arloan, bereziki, azken 25 urteak erabakigarriak izan dira, profesionalek etengabe moldatu behar izan dute-eta teknologia digitalek ekarritako lan tresna eta eskakizun berrietara. Beste horrenbeste egin dute Durangaldeko (Bizkaia) Anboto astekarian. Eta, hala ere, aldaketak aldaketa, proiektuaren hezurdura hasierako bera dela ziurtatu du Jone Guenetxea zuzendariak: komunitatea. Hain justu, komunitatearekin ospatu zuten urteurrena atzo arratsaldean, Durangoko Plateruena antzokian antolatutako ekitaldi batean. 2001eko azaroaren 9an sortu zuten Anboto.

Goizean, antolakuntza lanek nekatuta baina komunitatearen berotasunak hunkituta errepasatu zuen astekariaren ibilbidea Guenetxeak. Orain dela hogei urte batu zen lantaldera —horietatik hamazortzi daramatza zuzendari—, eta Anboto-ren hasiera irakurle modura bizi izan zuen. Aurretik bazen euskaraz informatzen zuen hedabide bat, Eraz, eta jauzi bat egiteko asmoz sortu zuten Anboto. «Helburua zen Goiena taldeak Debagoiena eskualdean egindako gauza bera egitea: formatu aldaketa bat, eta doakotasuna, zabalkundea handitu ahal izateko». Batez ere euskalgintzatik eta herrigintzatik sortutako proiektua da, zuzendariaren berbetan: garai hartan hainbat euskara elkarte zeuden martxan eskualdean, baina ordutik deseginez joan dira asko; Durangoko Berbarok eutsi egiten dio.

Zaintzeko beharra

Papera zen hasierako Anboto haren euskarri bakarra. «Orain dela 25 urte, Internet oraindino hasieretan zegoen. Gero, webgunea ere martxan ipini genuen, sare sozialak etorri ziren, kontsumo ohituren aldaketak...». Hori dela eta, astekariaren ibilbideko mugarrietako bat Tokikomen sorrera izan zen, 2012an, hura arduratzen baita hein handi batean berrikuntza teknologikoarekin lotutako kontuez, zuzendariaren esanetan. Eta arlo horretan egongo dira aurrera begirako erronketako batzuk, hain justu. «Gaur egun, sare sozial jakin batzuei buruz berbetan ari gara, baina agian hemendik bost urtera jendea beste plaza batzuetan egongo da informazioa kontsumitzen».

«Agian hemendik bost urtera jendea beste plaza batzuetan egongo da informazioa kontsumitzen»

JONE GUENETXEA 'Anboto' hedabideko zuzendaria

Garaian garaiko berrikuntzetara moldatzea izango da giltzetako bat, hortaz. Baina, betiere, komunitatea aintzat hartuta eta hura lehenetsita, ikustaldi gehiago biltzeko joeren gainetik. «Komunitatea zaintzearren, zuhurtziaz lantzen ditugu informazioak, eta ez da erraza klik arrantzaren sasoi hauetan». Zuzendariaren arabera, «sinesgarritasunari eustea» ere bada Anboto-ren beste erronketako bat. «Jendeak prestasun handia izan du bai ekitaldian parte hartzeko, bai ikustera etortzeko. 25 urte pasatu eta gero jendeak oraindino proiektuan sinistea garrantzitsua da guretzat, desinformazioaren gizarte honetan ikusten dugu-eta publikoarentzat gero eta lausoagoa dela iritzien eta kalitatezko hedabideen arteko muga».

Egoera horretan, tokikotasuna bada bermea, Guenetxearen hitzei erreparatuta. «Gertuko informazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da». Eta ez bakarrik hartzaileentzat: eremu zabalagoak hartzen dituzten hedabideak ere oparo elikatzen dira txikiagoetatik. «Mundu osoko hedabide handiak tokiko hedabideak erosten ari dira. Izan ere, edozein informazio tokikoa da lehenengo. Kazetaritzaren helburua jazoerak kontatzea da, eta horiek beti gertatzen dira auzo batean, kale batean, edo leku jakin batean». Pandemia garaia mugarria izan zen horretan ere: Anboto-k eskualdeko albisteak eskaintzen jarraitu zuen, eta webguneko bisitak bikoiztu egin ziren garai hartan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA