Edorta Subijana: «Gizartean toki guztietan daude pantailak, eta gure gaitasunak moldatu dituzte»

Crossover jaialdiak eskatuta, pantailaz betetako instalazio berezi bat jarri du Subijanak Donostian. Lau telesail daude aukeran, eta bakoitzaren atal bat berrehun pantailatan ageri da, modu ez-linealean.

Edorta Subijana 'Gainesposizioa' instalazioaren sortzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Edorta Subijana 'Gainesposizioa' instalazioaren sortzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko martxoaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arkitektoa eta ikus-artista da Edorta Subijana (Donostia, 1978). Asmo Ederrak bulegoa sortu du, hainbat eskalatako diziplinarteko proiektuei ekin ahal izateko. Aitortu du lanak eman dizkiola Donostiako Santa Teresa komentuko sarrerara egokitutako Gainesposizioa instalazioa sortzeak. Maiatzaren 3ra arte ikusi ahalko da, doan.

Zer da Gainesposizioa izeneko instalazioa?

Hitzekin azaltzea baino errazagoa da bertan sartu eta dena ikustea. Pantaila anitzen eta multi-tasking-aren inguruko hausnarketa bat da. Joera hori gehiegikeriara eraman dut. Gaia telesailak izanik eta Santa Teresa komentuko sarrera ulertuta, proposamen hau egin dut. Hausnarketa bat egin nahiko nuke ikus-entzunezko edukien inguruko gainesposizioaz: kalean eta edozein tokitan, botiketan edo lurrin dendetan pantailak daude, errepidean ere bai... Adikzio bat ere sortzen dute pantaila horiek guztiek. Gure gaitasun fisikoak moldatu egiten dituzte, gainera: pantailetako mezu asko kudeatzeko gaitasuna dugu egun, baina, aldi berean, ez dugu gaitasunik sakontzeko. Oso gainazaleko informazioa jasotzeko gai gara.

Telesailetan ere antzematen da hori?

Crossoverreko antolatzaile Patxi Presak eta Jon Paul Arroyok hala diote, bederen. Telesailak sortzeko orduan, aintzat hartzen dute ikus-entzuleek zer-nolako arreta izan dezaketen. Duela gutxi arte, itxoiten zenuen astebete atal baten eta bestearen artean. Orain telesail osoa irensteko aukera dago, eta, horri helduta, telesail baten atal oso bat jarri dugu instalazioaren pantailetan; bigarren solairurako bidean ikus daiteke atal hori. Atal oso bat toki honetan sartu dugu.

Lau telesailen artean aukera daiteke.

Instalazioa interaktiboa da, eta bisitariak aukera du lau telesailen artean aukeratzeko, bai. Zenbat pantaila agertuko diren ere hautatu daiteke: guztira, berrehun dira. Guztiak piztuta, atal bat segundo gutxian ikusten da. Tarteka jauziak ere badira, ausaz. Gure gaitasunetik kanpoko edukiak sortzea ere bada nire asmoa.

Nolako erronka teknologikoa izan da?

Lehen erronka tokiarena izan da. Egurrezko egitura bat ere sortu dugu, eta horrek sei-zazpi proiektore gordetzen ditu. Proiektore horiek toki desberdinetara proiektatzen dute telesaila; tartean, lurrera eta sabaira. Pareta irregular bat dago, eta proiekzioa horri egokitu diogu. Bestalde, pantaila bakoitzak 22 minutuko grabaketa bat du. Kontrola da zailena, hala ere: bisitariak piztu eta itzali eta aldatu ahal izatea, ordenagailurik gabe, ikusi nahi duena.

Edorta Subijana Gainesposizioa instalazioaren sortzailea.
Edorta Subijana Gainesposizioa instalazioaren sortzailea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU 
Stranger Things ikusi da, orain arte, hitz egiten ari zinen bitartean. Botoi bat sakatu, eta orain Breaking Bad ageri da berrehun pantaila horietan. Telesail horren zaleak ezkutatuta geldituko dira Santa Teresan, harrapatuta?

Baten bat geldituko dela esango nuke. Jakingo du zehazki zer atal den, eta agian identifikatuko du zein den alderantziz dagoen pantaila. 

Burmuinean eraginak izan ditzake instalazio honek?

Bai, eragin larriak [barreak]. Tira, nahiko jasangarria dela dirudi. Baina soinuekin okertzen da pixka bat kontua.

Instalazioaren eredu hau egin daiteke beste toki batean eta beste telesail batzuekin?

Programa bat sortu dut: hartzen du telesail baten atal bat, eta bilakatzen du instalazio honetan ikusteko moduko. Gauza bera egin daiteke filmekin edo iragarkiekin. Zailtasuna da instalazioa oso tokirako egina dagoela. Baina egingarria litzateke beste toki batean. Telesailak, bestalde, ez ditut nik aukeratu, jaialdiko antolatzaileek baizik. Instalazioaren izenburua ere Patxi Presarena da.

Anime bat ere badago lau telesail hauen artean: Dan Da Dan. Anime zaleak animatzeko modu bat, ezta?

Bai, animea da lauren artean plazerik handiena ematen didana. Koloretsua da, oso bisuala, eta informazioa horrela jasotzeko formatu hau oso japoniarra iruditzen zait. Japoniako kasinoen itxura badu honek, eta oso instalazio pachinko-a dela esango nuke. Manga eta anime zaleek toki honetan asko disfruta dezaketela iruditzen zait. Japonieraz entzuten da animea.

Eta bestelakoan, zer da instalazioaz gehien gustatzen zaizuna?

Ibilbide osoa egitea. Eskailerak igo, eta ikuspuntu desberdinak bilatzea. Bakoitzak bere ikuspuntu gogokoena aurkitu behar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA