Adiskidetasuna, traizioa, Interneteko sare sozialen arriskua, beldurra, gorrotoa, maitasuna... Gai horiek eta gehiago landuko dituzte Go!azen telesailaren denboraldi berrian, saioko zuzendari Itziar Gomezek aurreratu duenez. «Denboraldi berriak aldaketa ekarriko du. Istorioek hausnarketak pizten dituzte. Helburua ez da lezioak ematea, zer pentsatua ematea baizik, gaztetxoek ere espiritu kritikoa izan dezaten». Istorio berriekin neska-mutikoak «harrapatzeko» helburua dute Pausoka ekoiztetxeko sortzaileek. EITBren Makusi doako plataforman igande honetan estreinatuko dute Go!azen 12-ren lehen atala. ETB1 katean, berriz, ostiral gauetan emango dute denboraldi honetan ere, hilaren 14tik aurrera.
Pantaila txikian ez ezik, zinemako pantaila handietan ikusi ahal izan da lehen atal hori. Donostiako Zinemaldian Belodromoan lehenbizi. Makusi jaian, Barakaldon (Bizkaia), gero. Baita Iruñean, Bilbon eta Gasteizen ere. «Aurrestreinaldi horiek oso ondo joan dira. 10.000 ikusle inguru izan dira emanaldi horietan», azaldu du Gomezek. Asteburu honetan eta hurrengoan, berriz, UEMAko 75 herritan baino gehiagotan emango dute. «Hainbeste herrik Go!azen eskaini nahi izatea esanguratsua da. Polita da euskal produkzio baten inguruan gaztetxoak biltzea, zeren ez dezagun ahaztu Go!azen euskarak egiten duela batez ere», dio saioko zuzendariak.
Gaur bertan, hainbat herritan emango dute lehen atala: Aizarnazabalen (Gipuzkoa), Ajangizen (Bizkaia), Aramaion (Araba), Areson (Nafarroa), Asteasun (Gipuzkoa), Atxondon (Bizkaia), Bakion (Bizkaia), Beran (Nafarroa), Berastegin (Gipuzkoa), Donezteben (Nafarroa), Hondarribian (Gipuzkoa), Iruran (Gipuzkoa), Larrabetzun (Bizkaia), Leitzan (Nafarroa), Lekeition (Bizkaia), Lesakan (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia) eta Usurbilen (Gipuzkoa). Datozen egunetan beste herri batzuetan ere emango dute.
Gomez pozik mintzatu da hainbeste hiritan eta herritan telesaila emango dutelako. «Go!azen-en zaleen ikusmina eta ilusioa ikustea da guretzat oparirik handiena».
Aktore berriak
Denboraldi berrian, Basakabiko ikasleen soslaia beste era batekoa izango dela iragarri du Gomezek. «Beti saiatzen gara ikasle eredu desberdinak erakusten, eta oraingoan areagotu egingo da hori. Pertsonaia batek Basakabi astinduko du».
Hamabigarren denboraldian, hamabi aktore nagusi daude. Eta horietatik sei aktore berriak dira: Ainhoa Tabuyo, Leire Nuñez, Jon Alonso, Josu Iriarte, Luken Urruzmendi eta Yan Pinto. «Denontzat da erronka Go!azen-en lan erritmora egokitzea, eta are gehiago berrientzat. Uda lan eta lan pasatu genuen, baina talde osoa oso gustura aritu ginen». Zuzendariak nabarmendu du aktore berrien eta beteranoen jarrera «ezin hobea» izan dela. «Oso eskuzabalak dira denak; ikaragarri zaintzen dute elkar, eta asko laguntzen diote elkarri. Askotan esan izan dut, eta egia da: Go!azen familia baten antzekoa da».
Aktore beteranoen artean daude Garazi Urkola, Irati Marin, Adriana Sanchez, Ander Aierza, Nerea Arriola eta Nerea Elizalde. Azken horrek Garaziren rola jokatzen du, eta aurten Basakabiko begirale lanetan ariko da.
Atalak EITBn emateko moduari dagokionez, duela urte batzuk ostiral gauetako ETB1eko emankizuna gailentzen zen. Aldatu egin da hori. Baina Gomezek uste du ostiral gaueko zitak baduela fideltasuna: «Go!azen-en gauza on bat zera da, gaitasuna duela familia osoa elkarrekin telebista aurrean jartzeko, pizza bat edo patata tortilla ogitarteko bat eskuetan. Argazki hori hartuko dut gogoan: Go!azen-ek familiak eta lagunak elkartzen ditu». Ikusle datuen neurketari dagokionez, ordea, Gomezek uste du gailu eta plataforma guztien datuak aintzat hartzea litzatekeela logikoena.
Urtero Pausoka ekoiztetxeak udako bideoklipa grabatzen du Go!azen-eko aktoreekin. Aurten ere, Iker Lauroba musikariak sortu ditu musika eta hitzak. Gure lema du izenburua aurtengo bideoklipak. Irunen (Gipuzkoa) filmatu zuten, baita itsasaldean ere.
Bestalde, Go!azen-en kontzertua egingo dute abendutik aurrera Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan.
Eta Go!azen 12-ren EITBko telebista konbentzionaleko zein plataformetako emanaldiak amaitzen direnean, otsaila aldera, Irabazi arte telesailaren bosgarren denboraldiak hartuko dio lekukoa. Pausoka ekoiztetxeak egiten du fikziozko telesail hori ere.