Gozogintza eta, bereziki, txokolatea ditu gustuko Armintz Gorrotxategi gozogileak. Eta hortik abiatuta, Euskal Herrian bidaia gastronomiko bat egingo du Dagoenean bon-bon saioan. Gozogilerik eta gozotegirik onenaren bila ibiliko da hamahiru saiotan, lekuan lekuko protagonistek lagunduta. Besteak beste, Donostian, Beran (Nafarroa) eta Durangaldean (Bizkaia) izango da. Asteazkenero ikusgai izango da, 22:15ean, ETB1en.
Telebistan ibilia zen aurretik Gorrotxategi, Joseba Argiñanoren Sukalerrian saioan, baita Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak gidatutako A bocados saioan ere, baina horietan gonbidatu moduan parte hartu zuen. Aurkezle lanetan ibili den lehen aldia izan da oraingoa. Adierazi du dei bidez jaso zuela proposamena, eta «sorpresa handia» izan zela. Gainera, azpimarratu du proiektuarekin «oso gustura» dagoela.
Euskal Herriko hiri, herri edo eskualde bat bisitatuko du aurkezleak atal bakoitzean. Bera izan da lehen helmuga. Besteak beste, sagar kurruskaria, hostopilezko izokina, samin goxoa eta Dubaiko txokolatea prestatu ditu, bertako gozogileen laguntzarekin. Baina dena ez da gozogintza. Programari «akzio eta bizitza» pixka bat emateko, aurkezleak berrehun metroko tirolina batetik salto egin du, eta erleen artean ere ibiliko da.
«Postre bakoitzaren atzean pertsona bat dago, eta bakoitzak istorio bat du. Istorio horiek guztiak kontatzen saiatu gara saioan»
Atal bakoitzean lauzpabost gozogile elkarrizketatuko ditu. Horietako bakoitzak errezeta bat erakutsiko dio —gozogintzarekin lotuta daude asko—, eta, saioaren amaieran, elkarrizketatu guztien errezetak batu eta saioan ikasi duena kontuan hartuta, Gorrotxategik beste errezeta bat prestatuko du, bere gozogile dohainaz baliatuta.
Saioa gozogintza baino «zerbait gehiago» dela azaldu du Gorrotxategik: «Postre bakoitzaren atzean pertsona bat dago, eta bakoitzak istorio bat du. Istorio horiek guztiak kontatzen saiatu gara saioan, askotan postrearekin lotura handia dutelako». Istorio «oso interesgarriak» izango direla azaldu du, «pertsonalak eta espero ez dituzunak».
«Sukaldaritzaren inguruko programa asko daude, baina gozogintzaz ez da neurri berean hitz egiten»
«Niretzat oso aberasgarria izan da programa», adierazi du. Elkarrizketatu asko lehendik ezagutzen zituen, baina beste asko ez: «Asko ikasten ari naiz, eta uste dut ikusleek ere asko ikasiko dutela. Gozogintzaren inguruko truko berri asko daude, eta errezeta bat pertsona batek edo beste batek egin, aldea dago. Bakoitzak bere erara egiten du, truko propioekin, eta oso interesgarria da».
Gorrotxategik uste du gozogintza «bigarren plano batean» gelditzen dela: «Sukaldaritzaren inguruko programa asko daude, baina gozogintzaz ez da neurri berean hitz egiten». Haren ustez, gozogile eta gozotegi guztiek egiten duten lana jendeari erakutsi ahal izatea «mundiala» izan da, eta asko disfrutatu du postre bakoitzaren atzean dagoen «eskulana» jendeari erakusten.
Istorio «bitxiak»
Lauzpabost gonbidatu izango ditu Gorrotxategik saio bakoitzean, eta esan du denek «bere xarma» dutela. Halere, gogoan du gozogile baten istorio «bitxia»: «Urrezko bonboiak egiten zituen modu oso berezi batean. Azaldu zidan bonboi horiek berak patentatu zituela, eta horiek saltzen hasi zen garaiko kontuak kontatu. Kaxa bakoitzak berrogei euro inguru balio zuen, baina, Euskal Herrian saltzea zaila zenez, bonboiak maleta batean sartu, eta Marbellara [Espainia] joan zen. Erlojuak saltzen zituzten denda oso esklusibo batean azaldu zen, bonboiz beteriko maletarekin; hortxe hasi zen urrezko bonboiak saltzen». Aitortu du istorio «oso bitxiak» entzun dituela.