Nelton Rivera: «Guatemalan arrisku handikoa da kazetaritza lana»

Ikerketa kazetaritzako lan batzuk argitaratzegatik Riverari jazarri, eta iaz Guatemalatik Mexikora erbesteratu behar izan zuen. Euskal Herrian izan da berriki, hiru hitzaldi ematen. Prentsaren lana aldarrikatu du.

Nelton Rivera kazetaria, Hernanin. JON URBE / FOKU
Nelton Rivera kazetaria, Hernanin. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Hernani
2026ko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Prensa Comunitaria hedabidearen sortzaileetako bat izan zen duela hamalau urte Nelton Rivera (Misco, Guatemala, 1978). Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan hitzaldi bat eman aurretik erantzun ditu galderak. Kezkaz mintzo da prentsa askatasunak bere herrian duen egoerarekin.

Nola sortu zen Prensa Comunitaria komunikabidea?

2012. urtean, kazetari batzuk gizarte mugimendu indartsu bat ulertzen saiatzen ari ginen: galdeketa komunitarioena. Guatemalako 90 herritan egin zituzten galdeketak, eta herritarrei galdetzen zitzaien ea beren lurraldean proiektu handi bat eraikitzea nahi zuten ala ez. Guatemalako gerraren ostean, estraktibismoak indar handia zuen, eta horren aurkako mugimendua piztu zen. Zacapa departamenduan egin zuten lehen galdeketa, eta enpresa hidroelektriko baten sortzearen aurka bozkatu zuten herritarrek. Halako dinamikak zabaldu ziren, herritar asko inplikatu ziren... eta horren guztiaren berri eman nahi genuen. Probintzietatik eta gune komunitarioetatik abiatu ginen, ondotik nazionalera joateko.

Guatemala hiriburuan hedabideek lantzen zituzten gaiak alde batera utzi, eta bestelakoak jorratzen zenituzten, ezta?

Hala da, bai. Estraktibismoaz, indigenen egoeraz, emakumeez, memoria historikoaz eta giza eskubideez informatzeari ekin genion. Hedabide korporatiboek lantzen ez duten agenda editorial bat osatu genuen. Egoitza nagusian 28 kazetari ditugu, eta Guatemala osoko lurraldeetan 81 berriemaile.

Baina egoitza nagusiko 28 horietatik sei kazetarik erbestera joan behar izan duzue. Zer dela eta?

Ustelkeriaren kontrako borroka sendo bat bazen lehendik, leherrarazi egin zutena. 2023ko hauteskundeetan krisi politikoa gertatu zen. Herri indigenen eta herritarren manifestazioak izan ziren 106 egunez, demokrazia onar zedin. Kontua da, gobernu demokratiko bat egon arren, gaur egun diktadura judizial bat dagoela, eta prentsaren kontrako eraso ugari iritsi direla. El Periódico egunkariko zuzendari Jose Ruben Zamora atxilotu egin zuten, eta hedabidea bera itxiarazi egin zuten. Gure hedabidearen eta kazetarien aurkako erasoak haien maila berekoak izaten ari zirela ikusi genuenan, erabaki bat hartu behar izan genuen.

Nora joan zineten?

Bi kazetari Mexikora joan ginen, beste bi Ameriketako Estatu Batuetan daude, eta beste bi Costa Ricara joan ziren. Azken bi horietako batek Guatemalara itzultzeko aukera izan du orain.

«Guatemalan, oro har, prentsak indarkeria eta inpunitate handiko ingurune batean egiten du lan. Ozeano Bareko kostaldean, hegoaldean, hainbat kazetari hil dituzte»

Secretos mineros, del miedo a la resistencia liburuan (Meatzeen sekretuak, beldurretik erresistentziara) ikerketa lanak nolako eragina izan zuen?

Ikerketa lan hori oso garrantzitsua izan zen, kektxi herriak egindako salaketak egiaztatu genituelako. Bada meatze bat Izabal aintziraren inguruan, eta han bizi direnek gaixotasun larriak jasan dituzte. Indarkeria, jazarpena eta bestelako erasoak salatu zituzten hango herritarrek. Mundu osoko 65 kazetarik parte hartu zuten ikerketa kazetaritzako lan hartan, eta gu tartean geunden. Ustelkeriari oso lotua zegoen auzia, eta Guatemalan aldaketa asko ekar zitzakeen liburuak. Ustelkeria da guztiaren oinarria: tokiko autoritatea usteldu ohi dute, baita errepublikako presidentea ere. Enpresa batek baimenik gabe urte luzez funtziona dezan, maila guztietako ustelkeria dakar berarekin. Errusiarren eta estatubatuarren eskuetan dago enpresa hori.

Zer egoeratan daude gaur egun Guatemalan lan egiten duten kazetariak?

Kazetariak babesteko oso mekanismo gutxi daude. Guatemalan arrisku handikoa da kazetaritza lana. Izan ere, Ministerio Publikoa duela gutxi gehiago dedikatzen zen kazetariei jazartzera, haiek babestera baino. Berriki fiskal nagusi independente bat jarri dute, eta horrek, behintzat, objektibotasuna itzularazi du Ministerio Publikoan. Guatemalan, oro har, prentsak indarkeria eta inpunitate handiko ingurune batean egiten du lan. Ozeano Barearen kostaldean, hegoaldean, hainbat kazetari hil dituzte. Hilketa horiek agintariekin eta narkotrafikatzaileekin lotura dute, eta jakina da ikerketek ez dutela aurrera egingo: zigorrik gabe geldituko direla.

Zer-nolako garrantzia du kazetaritzak egungo gizartean?

Sekulakoa. Autoritarismoak oso bizkor ari dira zabaltzen. Eta herritarrek mundu zabalean informazio asko izan behar dute, behar diren erabakiak hartzeko. Interneteko sare sozialen eta desinformazioaren hedapenari aurre egiteko, prentsak rol askoz handiagoa jokatu behar du. Ikerketa batzuen arabera, adimen artifizialak Interneteko nabigazioaren %80 desbideratzen du, eta, hortaz, ez dizute esaten informazioa nondik datorren. Komunikazio talde handiak eta teknologia erraldoien jabeak nahieran ari diren garaiotan, prentsa independentearen rola oso-oso garrantzitsua da.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA