Jose Angel Altzuguren Kotto 2005eko urriaren 31n aurkitu zuten bere ziegan hilik, Soriako espetxean, Espainian. Aurretik, hiru urte eta erdiz izana zuten preso, ETAri laguntzea egotzita. Atxiloaldian torturak salatu zituen. Hiru urte eta erdiz sakabanaketa jasan ostean aske utzi, eta berriro atxilotu zuten 2005eko urriaren 22an, etxean, zigorra osorik betetzeko. Torturek eta atxiloaldiek zuzenean eragin zioten Kottoren osasunari. Psikologoek eta psikiatrek artatzen zuten, eta botikak hartzen zituen, depresioa diagnostikatu baitzioten azken aldiz atxilotu zutenean. Abokatuek salatu zuten espetxean medikuek ez zutela artatu, haren egoeraren berri bazuten ere. Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a, eta, hori baliatuz, Hamaika telebistak Gutun bat Kottori dokumentala estreinatuko du bihar, 22:00etan. Lan hori bete-betean barneratzen da Altzugurenen bizitzan.
Dokumentalak Berako (Nafarroa) herritar hori zergatik hil zen aztertzen du, eta, aldi berean, haren bizitza errepasatu, senide eta lagunen lekukotzak jasoz.

Garazi San Martin zuzendariak eta Ekhiñe Zapiain zuzendari laguntzaileak gidatu dute filma, eta, Kottoren istorioaren bidez, ikus-entzuleek aukera izango dute bertatik bertara jakiteko torturaren ondorioen berri.
Zapiainek 2024an BERRIAri azaldu zionez, dokumentalaren bitartez memoria ariketa bat egin nahi izan dute: «Ikusten zen gazteek ez zeukatela Kottoren berri, eta garrantzitsua zela memoriaren transmisioa egitea. Dokumentalak funtzio hori bete dezake». Kotto Berako Udaleko zinegotzi izan zen bi agintalditan. «Herrigintzan sekulako lana egin zuen. Kulturari lotua zegoen, beti euskararen aldeko borrokan», aipatu zuen orduko hartan Zapiainek. Kirolzalea ere bazen: mendia eta futbola zituen batez ere gustuko. Eta lanbidez zurgina zen.
Hainbat herritan eman dute dokumentala, eta, orain, telebistaz ikusi ahalko da aurreneko aldiz, Hamaikaren bidez. Hamaikaren webgunean ere emango dute bihar gauean.