Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa liburua aurkeztu zuten iaz (Elkar). Liburuarekin batera, Txillarreko sukaldaria dokumentala ere ondu zuten. Ikus-entzunezko lan hori Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan eman dute azkeneko hilabeteetan. Ostiral honetan, berriz, telebistako estreinaldia egingo dute: Hamaika Telebistak, Kanaldudek, Goiena telebistak (Debagoiena), Guka telebistak (Urola Kosta), 28 kanalak (Tolosaldea) eta GITBk (Goierri) emango dute, 22:00etan. Aurretik ezin izan da beste telebista kateetan ikusi.
Pello Rubio da dokumental horretako protagonista nagusia, eta haren hitzetan oinarritzen da lana. Rubiok politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi pertsona elkartu zituen Txillarre baserriko (Elgoibar, Gipuzkoa) mahai berean: Pako Egea PSE-EEkoa eta Arnaldo Otegi ezker abertzalekoa. Egearen bitartez, gerora, Jesus Egiguren (PSE-EE) batu zen Rubioren mahaira. Arnaldo Otegi espetxeratu zutenean ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Urko Aiartza baserriko topaketetara joan izan zirela azaltzen du Rubiok dokumentalean.Â
1999tik 2005era bitartean baserri hartan izan ziren elkarrizketek oinarri gisa balio izan zuten akordioak erdietsi eta prozesu bat abiarazteko. Egigurenen eta Otegiren inguruan modu honetan hitz egiten du Rubiok: «Arnaldo Jesusen buruaren barruan sartzen zen, eta Jesus Arnaldoren buruan. Denak ari ziren sufritzen gertatzen ari zen horrekin».
Mahai on baten ezaugarriak
Hain zuzen ere, elkarrizketa haiei esker Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) bilerak hasi zituzten 2006. urtean. Imanol Murua Uria kazetari eta EHUko irakasleak bake eta normalizazio prozesu horren gainekoak idatzi zituen Loiolako hegiak liburuan (Elkar, BERRIA, 2010). Loiolako saiakerak ez zuen aurrera egin. Baina hizketan jarraitu zuten PSE-EEko eta ezker abertzaleko ordezkariek. Rubiok, kasurako, dokumentalean hizpidera ekartzen du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia —2004 eta 2011 artean izan zen karguan— baserrian izan zenekoa. «Besarkada batekin joan zen hemendik Zapatero».

Ibaibarriagak eta San Martinek elkarrizketa haien nondik norakoak eta Rubioren bizipenak jaso dituzte dokumentalean. Haiek idatzitako liburuan, bestalde, Rubiok mahai baten inguruko «gauza inportanteak» zein diren azaltzen du: «Gauza inportante bat da, alde batetik, konpainia. Mahai horretan daukazun konpainia. Gero lekua etorriko da: lekua gustura egoteko gunea izan behar da. Ez da berdina Txillarre moduko toki batean elkartzea edo zulo batean sartzea. Eta gero, azkena menua da. Pare bat arrautza txorizoarekin, mahai on batean, mahaikide onekin eta toki goxo batean, mundialak dira».
2011ko urriaren 20an iragarri zuen ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Rubioren arabera, Egiguren eta Otegi funtsezkoak izan ziren hori gertatu ahal izateko. «Uste dut sekretu guztia bi pertsona horiek kointziditzean dagoela. Eta helburua zela gatazka hau konpontzea eta amaitzea».