Hamaikak Reala-Athletic finala emango du bihar, zuzenean

Euskal Herria Txapelaren finala Hamaikaren webgunean ere ikusteko aukera izango da bihar, 19:00etatik aurrera.

Vivian eta Marin, martxoaren 4an, Reala-Athletic partidan. JON URBE / FOKU
Vivian eta Marin, martxoaren 4an, Reala-Athletic partidan. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Liga jokatzen duten euskal taldeen artean aurreko denboraldian puntu gehien eskuratzen dutenak izaten dira aurrez aurre Euskal Herria Txapelaren finalean. Bihar Realak eta Athleticek jokatuko dute final hori, Donostiako Anoeta estadioan. Hamaika Telebistak zuzenean emango du lagunarteko partida hori, 19:00etan, eta Naiz irratiko esatariak ariko dira kontakizuna egiten. Hamaikaren webgunean ere emango dute. Euskal Herria Kirolak egitasmoak antolatzen du txapelketa, eta hamargarren aldia du aurten.

Euskal derbi horretan, bestalde, Mikel Etxarri entrenatzailea omenduko dute. Antolatzaileek aitortza egingo diote Etxarriri, hainbat hamarkadatan Realeko oinarrizko prestatzaile eta euskal selekzioko hautatzaile gisa egindako lanagatik. Futbol taldeen aulkietan egin duen ibilbideaz gain, Euskal Herriko entrenatzaileen prestakuntzan egin duen lana nabarmendu nahi dute Euskal Herria Kirolak egitasmoko sustatzaileek. Bihar iluntzean, bestalde, Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak emango diote txapela talde irabazleari. Realaren edo Athleticen kapitainari, alegia.

Partida berdinduta amaituz gero, penaltiak jaurtiko dira irabazlea nor den argitzeko. Entrenatzaile bakoitzak sei aldaketa egin ahal izango ditu bere taldean.

ETB1 kateak ere emango du partida, ordu berean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA