«Zerbitzuaren erabiltzaileek ikusitako eduki guztiak plataformarentzat ezagutza bihurtzen dira, algoritmoa entrenatzeko. Horrek bukle bat edo atzeraelikadura eragiten du, eta algoritmoaren irteera bere sarreraren parte bilakatzen da. Erabiltzaileak aukeratzen duen edukia sutsuki baldintzatua dago, sistemak ikustea nahi duenarekin». Elena Neira mintzo da, Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasle eta streaming plataformetan aditua. Limurtze algoritmiko baten gainean ere hitz egin daiteke. Modu horretan funtzionatzen dute gaur egun ikus-entzunezko streaming plataforma handiek. Badira sistema perfekzionatuagoa dutenak: Netflix, kasurako —adimen artifiziala erabiltzen hasia da horretarako—. Urteak daramatzate ikusleen datuak erabiltzen, gero haiei ustez nahi duten hori eskaintzeko. Funtsean, bukle amaigabean sartzeko. Merkatuan nagusi da egun Netflix. Hilaren 20an hamar urte beteko dira Hego Euskal Herrira iritsi zenetik, eta sekulako aldaketa eragin du ikus-entzunezkoen sisteman. Edukien ekoizpenean, banaketan, kontsumoan... Eta bera irten da garaile.
Plataformen gaia ikertu duten gehienak ados daude: Netflix gailendu da plataformen lehian. Garazi Goia BBC eta Sky taldeetan lanean aritutakoa da, eta gaur egun nazioarteko telebista eta konpainia handien aholkulari da. Hark argi du zergatik nagusitu den Netflix: «Hura izan delako, alde handiz, errentagarritasuna lortu duena. Beste plataformek ez dute lortu errentagarritasuna».
Errentagarritasunaren aldagaiak aipatzen ditu Goiak: «Edo bezero gehiago dituzu, edo harpidetzaren prezioa igotzen duzu. Merkatua saturazio puntu batera iristen denean, eskaintza gehiegi daude, eta jendeak ez du denborarik eduki horiek guztiak ikusteko. Orduan: publizitatea sartzeko erabakia hartzen duzu, eta hori egin dute askok. Baina, publizitatearekin, oreka ekonomikoa aldatzen da guztiz». Herrialde batzuetan plataforma batzuei ondo joan zaie iragarkiekin eta harpidetza merkeagoekin. Baina hor ere badira desberdintasunak herrialdeen artean. Iragarkidun harpidetza sistema ez da plataforma guztietan arrakasta bera izaten ari. «Eta beste kontu batzuk sartu dira tartean: jokoak, apustuak egiteko aukerak... harpidetza lehengo prezio berean ordaintzeko moduan ez dagoen herritar horri beste aukera bat emateko». Zerbait gehiago eskaintzeko. Netflixen sakelakoetarako aplikazioan makina bat bideo joko daude. Eta Netflixi, oro har, ondo joan zaio iragarkidun harpidetza sistemarekin; 2022. urtean hasi zen aukera hori eskaintzen.
Azkeneko hilabeteetan, Netflixeko ordezkariek behin baino gehiagotan esan dute goranzko joerarekin jarraitzen dutela. Ez dutela goia jo. Goiak, berriz, uste du osagai berri bat nabarmendu behar dela goranzko joera horretan: kirol edukiak. «Kiroletako edukietan egindako inbertsioak aintzat hartu behar dira. Ikus-entzunezkoetako azpisektore bat bezalakoa da kirolena, eta gorantz doa».
Munduan 300 milioi harpidedun
Ikusle askok irudikatu ezin duten hasiera izan zuen Netflixek. Teknologia beste modu batekoa zen garai batean. Eta ez duela hainbeste urte. Ameriketako Estatu Batuetan 1990eko hamarkadaren amaieran ekin zion DVD formatuko pelikulen banaketa posta bidez egiteari; harpidedunak Netflixen webguneko katalogoan film bat aukeratzen zuen, eta posta bidez epe laburrean iristen zitzaion; handik gutxira, erabiltzaileak posta bidez itzuli behar zuen DVDa. Harpidetzen kopurua handituz joan zen, eta Interneten edukiak ikusteko zerbitzua 2007an abiarazi zuen. 2011n, AEBetatik at zabaldu zuen aurrenekoz streaming zerbitzua: Latinoamerikan. Eta 2012an hasi zen, tantaka, Europara iristen. Inbertsioak handituz joan zen orduz geroztik. Eta munduko herrialde askotan, gainera.
Edukien ekoizpenean Netflixek gastatzen duena ere ez da albo batera uzteko modukoa: 2020. urtean, 10.263 milioi euro gastatu zituen filmak, telesailak, dokumentalak eta reality-ak egiten; 2021ean, 13.300 milioi; 2022an, 16.155 milioi; 2023an, 12.353; eta 2024an, 16.555 milioi. Katalogora beste konpainia batzuetatik iristen diren ekoizpenak gehitu behar zaizkio, gainera.

Netflixek fakturatzen duena dirutza da. 2025. urteak markak hautsi dituela aintzat hartuta, badu logika enpresak esatea «baikorrak» direla. 2025eko lehen hiruhilekoan, irabaziek %23,9 egin zuten gora: 2.546 milioi euro. Bigarren hiruhilekoan, %16 hazi ziren konpainiak dituen sarrerak, eta irabaziak 9.550 milioi eurokoak izan ziren. Aurreikusitakoa baino gehiago. Bestetik, duela gutxira arte harpidedun kopuruari garrantzia ematen zioten, baina iaz iragarri zuten ez dutela gehiago harpidedunen daturik emango. Jakina da munduan barna 300 milioi harpidedun baino gehiago dituela, baina horren gaineko xehetasunik ez da aurten. Beste plataforma batzuk ere erabaki bera hartua dute; adibidez, Amazon Prime Videok.
Eta euskarazko eskaintza?
AEBetako konpainia bat da Netflix. Dirua egitea du xede. Eta ez du bere bidean hizkuntza gutxituei begirunea izateko asmorik izan. «Netflixen lehentasuna ez dira hizkuntza gutxituak eta herri gutxituak», dio Garazi Goiak.
Gaur egun, Netflixek 300 lan ditu bere katalogoan euskarazko audioarekin edo azpidatziekin. Ez da hori kasualitatez gertatu. Plataformak 2016ko neguan jarri zuen aurrenekoz film bat euskarazko audioarekin: Planet 51. Denbora gutxi zeraman ordainpeko zerbitzuak Euskal Herrian martxan. Kontua da Kataluniako Plataforma Per La Llengua-k kanpaina bat abiarazi zuela, Netflixi edukiak katalanez eta katalanezko azpidatziekin eskatuz. Epe laburrean, 25.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten. Eta 2016ko martxoan, katalanezko audioarekin lau film jarri zituen Netflixek; euskarazkoa lehena, orduan. 2018ko martxoan, Netflixek Aitor Arregiren eta Jon Garañoren Handia euskarazko filma gehitu zuen katalogora; hilabete batzuk lehenago, Moriartitarren Loreak ere egon zen katalogoan. 2018ko urrian, berriz, Paul Urkijoren Errementari iritsi zen Netflixera.
Baina, argi denez, izenburu horiek ez ziren nahikoa ikus-entzule euskaltzaleen nahiak asetzeko. 2020ko abenduan, Donostialdeko guraso talde batek kanpaina bat abiarazi zuen, Disney Plus plataformak euskara integratu zezala eskatuz. Handik hilabete gutxira, 2021eko lehen hilabeteetan, Bizkaiko hainbat euskaltzale elkartu ziren Netflix Euskaraz taldea sortzeko. Haiek ere sinadura bilketa bat abiarazi zuten, Netflixi edukiak euskaraz eskatzeko. Bi talde horien eta beste euskaltzale batzuen arteko elkarrizketaren ondorioz sortu zen Pantailak Euskaraz mugimendua. Askotariko ekinaldiak jarri zituzten martxan plataformetan euskarazko edukiak eskatzeko. Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrian eragiteko eskatu zuten, euskararen presentzia bermatzeko, euskarari gutxieneko kuotak ezarriz.

Iristear zen legea betetze aldera edo, kontua da 2022an, Netflix eta Amazon Prime Video plataformek ekin ziotela hainbat lan euskarara bikoizteari eta azpidazteari. Netflixek 2022ko martxoan iragarri zuen urtean 200 ordu azpidatziko zituela euskaraz, eta hogei ordu bikoiztu. Hiru urteotan gehituz joan dira Netflixek euskaraz dituen edukiak: egungo 300 lan horiek iristeraino —Zernonikusi.eus webgunean kontsulta daiteke zeintzuk diren—. Tartean da Desagertuta telesaila: aldi berean filmatu zituzten euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak: euskarazko atalak maiatzean emateari ekin zion Primeran-ek, eta aldi berean gaztelaniazkoa emateari ekin zion Netflixek. Azkenean iritsi da Netflixera euskarazko bertsioa, urriaren 1ean. Euskarazko bikoizketan, ordea, ordu kopuruak beherantz egiten ari direla dio sektoreko bikoiztaile batek —ez du izena eman—.
Pantailak Euskaraz-en datuen arabera, Netflix da Euskal Herrian harpidedun gehien duen plataforma. Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko gazteen artean, %72k dute plataformarako sarbidea. Aurten, uztailaren 15ean, amaitutzat eman zuen bere bidea Netflix Euskaraz taldeak. Baina Netflixen eta beste plataformetan euskarazko eskaintza handitu dadin lanean jarraitzen dute Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia herri mugimenduek.
Bistan da Netflixek indar handia izango duela merkatuan aurrerantzean ere. Haren datuek ez dute beherantz egiten. Eta Euskal Herriko gero eta etxe gehiagotan bada telekomando bat, Netflixen botoia duena. Herritar horien artean, gainera, badira euskaldun asko ez dakitenak jarri berri duten filma edo telesaila euskarazko audioarekin edo azpidatziekin ikus daitekeenik. Netflixek berak, bederen, ez du sekula promozionatzen estreinatu duen filma edo telesaila euskaraz ikus daitekeenik.
NETFLIXEN INGURUKO DATU BATZUK
- Sorrera urtea. 1997. Marc Randolphek eta Reed Hastingsek sortu zuten konpainia, AEBetan.
- Streaming zerbitzuaren sorrera. 2007. urtean. Interneteko katalogoak hasieran mila film zituen.
- Noiz iritsi zen Euskal Herrira. 2014ko irailean heldu zen Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara; eta 2015eko urriaren 20an Hego Euskal Herrira.
- Harpidetzaren prezioa. Hego Euskal Herrian hiru harpidetza daude: premium harpidetza, 19,99 euro hilean; estandarra, 13,99 euro; eta estandarra iragarkiekin, 6,99 euro. Ipar Euskal Herrian hauek dira prezioak: premiuma, 21,99 euro; estandarra, 14,99 euro; eta estandarra iragarkiekin, 7,99.
- Euskarazko edukiak. Zernonikusi katalogoaren arabera, 300 lan daude ikusgai plataforman euskarazko audioarekin edo azpidatziekin.
- Munduan gehien ikusi den telesaila. Hego Koreako 'Squid game' telesaila da ikusle gehien izan duena. Estreinatu eta lehen 91 egunean, 265,2 milioi ikustaldi izan zituen.
- Euskal Herriko gazteen kontsumoa. Ikusiker behategiaren datuen arabera, gazteen %72k ikusten dute Netflix. Streaming plataformetan edukiak euskaraz ikusten dituztenenak, ordea, %1 baino ez dira.