Hasi da 'Plaz!', irakurzaletasuna sustatzeko bideopodcasta

Guau plataforman entzun eta ikus daiteke 'Plaz!' saioa. Atal bakoitzean, gonbidatu batek euskarazko liburu bat eramango du. Youtuben eta Spotifyn ere zabalduko dute.

Nahia Sillero 'Plaz!' bideopodcasteko aurkezlea. SORLAND
Nahia Sillero 'Plaz!' bideopodcasteko aurkezlea. SORLAND
urtzi urkizu
2026ko urriaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaztea irratiaren bitartez, literaturaren inguruko bideopodcast bat jarri berri dute martxan: Plaz!. Nahia Sillero aktorea —Irabazi arte telesaileko protagonistetako bat da— ariko da aurkezle, eta astero gonbidatu bat izango du parez pare. Gonbidatu bakoitzak euskarazko liburu bat eramango du, eta liburuan jasotzen diren gaiak izango dituzte hizpide. EITBren Guau audio plataforman entzun eta ikusi ahalko da saioa.

Lehen atalean, kasurako, Jone Arriola gidoilari eta zinemagileak Miren Amurizaren Pleibak (Susa, 2024) eleberria eraman du solasaldira. Atal horren izenburua Zer gertatzen da lagun batekin harremana amaitzen denean? da. Hain zuzen ere, galdera horrek eta eleberriak planteatzen duen gaiari helduko diote solasaldian. Baina besterik ere jorratu dute Sillerok eta Arriolak bideopodcastean. Datozen hilabeteetan, bere lehen telesaila aurkeztuko du Arriolak: Lehen aldiz.

Bideopodcastaren helburua zera da, funtsean: gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta irakurketaren inguruko komunitate bat sortzea. Atalak, Guau plataforman ez ezik, Youtuben eta Spotifyn ikusi eta entzun ahalko dira. 

Saioa egiteko ideia Sorland komunikazio agentziarena da. Ekoizpenaren ardura, berriz, Hiru Damatxorena. Sustatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritza, Euskal Editoreen Elkartea, Gerediaga elkartea eta Elkar fundazioa.

Egitasmoaren arduradunek iragarri dutenez, euskal literatura gazteen egunerokora hurbiltzeko asmoz sortu dute Plaz!. Baina xedea ez da liburuak ezagutaraztea bakarrik, baizik eta irakurketaren inguruko interesa piztea, literatura esperientzia sozial eta partekatu bihurtzea, eta gazteen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea.

Aurpegi ezagunak

Sillero gonbidatu ezagun batekin elkartuko da atal bakoitzean, hark aukeratutako euskarazko liburu baten inguruan solasean aritzeko. Liburuko istorioa, pertsonaiak edo hartan lantzen diren gaiak abiapuntu hartuta, elkarrizketa beste hainbat esparrutara zabalduko da. Maitasuna, adiskidetasuna, identitatea, buruko osasuna, familia, Interneteko sare sozialak, etorkizuna eta gizarteko erronkak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Jone Arriola eta Nahia Sillero Plaz bideopocastean
Jone Arriola eta Nahia Sillero, 'Plaz!' bideopodcastaren aurreneko atalean. SORLAND

Literaturaren eta eguneroko bizitzaren arteko loturak azaleratu nahi ditu bideopodcast berriak. Atalek ordu erdi inguru iraungo dute. «Elkarrizketa naturalak, umorea, hausnarketa eta gomendio literarioak uztartuko dituzte», iragarri du Sorland agentziak. «Giro informala eta gertukoa izango da nagusi, gonbidatuak eroso egoteko eta solasaldi espontaneoak sortzeko».

Plaz! saioaren bereizgarrietako bat gonbidatuen profila izango da. «Literaturaren munduko ohiko erreferenteetatik harago, gazteen artean ezagunak diren kirolariak, musikariak, komunikatzaileak eta eduki sortzaileak literaturara hurbiltzea da asmoa». Pertsona horien bidez, gazteek aukera izango dute euskarazko liburuak beste ikuspegi batetik ezagutzeko. «Aukeratutako liburuek euren bizitzan izan duten eraginaz, sortu dizkieten galderez edo eragin dizkieten emozioez arituko dira gonbidatuak, irakurketaren alderdi pertsonala eta soziala nabarmenduta».

Bideopodcastaren izenburua ez dute ausaz aukeratutakoa. Plaz! saioaren izenak zera islatzen du: plaza bat, elkartzeko, hitz egiteko, ideiak trukatzeko eta elkarri esperientziak kontatzeko. Era berean, podcastak kolore biziak, estetika garaikidea eta giro informaleko eszenografia izango ditu, literatura gazteen unibertso digitalera hurbiltzeko.

Bideopodcastak kontuak ditu Instagram eta Tiktok sare sozialetan.  

'Plaz!' bideopodcastaren lehen atala, osorik, Youtuben.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA