Zinemagilea

Jone Arriola: «Sormen aldetik askatasun handia izan dut 'Lehen aldiz' telesaila egiteko orduan»

Primeran plataformak aurten estreinatuko du Arriolak idatzi eta zuzendutako aurreneko telesaila: 'Lehen aldiz'. Pozik dago filmaketan eta edizioan egindako lanarekin. «Espero dut telesailak ate batzuk ireki ahal izatea».

Jone Arriola zinemagile eta 'Lehen aldiz' telesaileko zuzendaria, Donostian, apirilaren 14an. JON URBE / FOKU
Jone Arriola zinemagile eta 'Lehen aldiz' telesaileko zuzendaria, Donostian, apirilaren 14an. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUn ikus-entzunezko ikasketak egin ostean, Bartzelonako Bande a Part zinema eskolan zuzendaritza masterra egin zuen Jone Arriolak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1998). Dena asmatuta dago eta Hor konpon film laburrak zuzendu ditu —Primeran plataforman ikusgai daude biak—. Euskadi Irratiko Baipasa saioko kolaboratzailea ere bada.

Nolako jauzia izan da film laburrak zuzentzen ibili ostean lau ataleko telesail bat egitea?

Orain arte egin dudan lanik luzeena da. Formatu txikiak, talentu berria deialdian, lau ataleko fikzio lan bat aurkeztu behar zen, laburra, eta egingarria ikusi nuen. Prozesuarekin disfrutatu dut. ETBra bidali dut jada telesaila, eta oso pozik gelditu naiz emaitzarekin.

Bizkor egin duzue ia dena, ezta?

Bai, eta erronka bat izan da. Denbora gutxi genuen filmatzeko, eta denbora gutxi muntatu eta entregatzeko. Baina ondo planifikatuta, epeetan sartu gara. Begien kliska batean, kasik dena amaituta dago. Ingurukoren batek aipatu dit: «Hain gutxirekin lortu duzue hainbeste egitea...». Eta asko betetzen nau horrek.

Nondik sortu zitzaizun Lehen aldiz idazteko ideia?

Formatu txikia izanik, banekien ez nintzela sartuko trama sakon eta luzeetan. Oso premisa ona iruditzen zitzaidan lehen aldiarena. Pentsa, edozein tokitara zoazenean edo pertsona batekin lehen hartu-emana duzunean, lehen aldi bat dago hor, eta iruditu zitzaidan halako gauza sinple batetik abiatuta asko kontatzeko moduko istorioak sor nitzakeela. Ohiko egoera bat eduki interesgarri bat bihurtu daiteke bat-batean. Atal bakoitza lehen aldi bat izango da, espazio bakarrean mugatua. Horrek ere lagundu dit hainbat gai hizpidera ekartzeko.

Adibidez, zer gai?

Laguntasun harremanak apurtzea, toki batera lehen aldiz iristea, une intimoen lehen aldiak... Pertsona baten barnean aldaketa bat eragiten duten lehen aldiak dira.

Nerea Sanz, Xabier Elizalde, Aiora Enparantza, Mikel Calle, Xanti Agirrezabala eta Kimetz Etxabe daude aktoreen artean. Gustura haiekin?

Oso-oso pozik. Casting txiki bat egin genuen, eta hartatik atera ziren aktore horiek guztiak. Hartu-emana oso erraza izan da denekin: guztiak zeuden prest dena emateko eta lana ondo egiteko. Niri beti gustatzen zait aktoreengandik oso gertu lan egitea, komunikazio estua izatea. Gidoian ere murgildu ziren; izan ere, gustuko dut gidoiak aktoreei erakustea.

Jone Arriola zinemagile eta Lehen aldiz telesaileko zuzendaria
Jone Arriola zinemagile eta Lehen aldiz telesaileko zuzendaria. JON URBE / FOKU
Hizkeraren bueltan ere bereizgarririk izan duzue?

Bai; euskararen aniztasuna bultzatzea izan da nire helburuetako bat. Atal bakoitzean euskara bat entzungo da. Aktoreek horretan ere lan handia egin dute, euskara zaintzeko eta aniztasun hori azaleratzeko.

Aiora Enparantza eta Xanti Agirrezabala aktoreekin lehendik ere lan egin izan duzu. Abantaila bat da hori?

Zerbait idazten dudanean, sarri gertatzen zait aurretik nirekin lan egindako aktoreak burura etortzea. Aktoreak aurretik ezagutzea abantaila da, noski; izan ere, badakit pertsonaia batzuekin bat etor daitezkeen ala ez.

Mihiluze lehiaketan lan egin duzu. Eta, hain justu, saio hori egiten duen ekoiztetxea dago Lehen aldiz telesailaren atzean: Orio Produkzioak. Nola joan da harreman hori?

Sortzaile berrioi kezka edo beldurra eman ohi digu ekoiztetxearen kontuak, proiektuak gauzatzea zaila baita ekoiztetxe bat alboan ez badaukazu. Oriok deitu zidan proiektu honetan parte hartzeko, eta hasieratik utzi zidaten nahi nuena idazten. Sekulako konfiantza izan dute nigan. Ez dut mugarik sentitu, ezta hegalak moztu dizkidatenik ere. Ekoiztetxearekin bat egin nuen istorioaren ideian eta kontatzeko estiloan. Erabateko askatasuna izan dut.

Baina Primeran-en deialdi horren aurrekontuak mugatuak direla ere badiote sektoreko profesionalek.

Bai, noski, aurrekontuak mugatzen du. Hasieratik genekien zer aurrekontu zegoen, eta idazten hasi nintzenean banekien zer mugatan ari nintzen. Banekien ez nuela autorik jarriko hegan eta lehertzen. Filmaketak zortzi egunean egin behar izan genituen. Baina, sormen aldetik, askatasun handia izan dut.

Ba al da atal guztietan errepikatzen den zerbait?

Atal guztietan errepikatzen da hitz bat: beldurra. Bi pertsonaietako batek beldur handiagoa du besteak baino. Beldurren bat azaleratzen da, baina zerbait intimoa, ez ikara fisikoa. Une intimo bat bada hor.

Beldurraren kontzeptu horrekin ikusle asko identifikatuko dira?

Bai, atal guztiak moduren batean identifikatzeko sortuta daude. Nire beldurretatik ere sortu dut fikzio hau. Atal guztiek dute benetakotasun puntu bat.

Hurrengo proiektua, diru gehiagorekin?

Hala izan dadila, mesedez. Zerbait handia egitea da nire ametsa. Espero dut Lehen aldia telesailak ate batzuk ireki ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA