Udako magazin jostalari eta herrikoia da Naiz irratiko Kosta ala kosta euskarazko programa. Duela bi urte jarri zuten martxan, eta, lehen uda hartan, kostaldeko herrietan egin zuten. Orain, berriz, kostaldean zein barnealdean dabiltza batera eta bestera, kostaldetik aparteko herrietara ere Naiz irratiko mikroak eramanda. Iker Gurrutxaga eta Ion Garate esatariak, Julene Goibururekin batera, uztailaren 6an hasi ziren magazin udatiarrarekin, Iruñeko sanferminetan. Geroztik, hainbat herritan ibili dira.
Atzo goizean, Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten Kosta ala kosta. Datorren asteko programak, berriz, askotarikoak izango dituzte: astelehenean —«ondo bidean», esan du Iker Gurrutxagak— Errekaleorren ariko dira, Gasteizen; asteartean, Euskarabenturako gazteekin batera egingo dute saioa, Urdazubitik Amaiurrera (Nafarroa); asteazkenean, Donostian egingo dute saioa —Ondarretako edo Kontxako hondartza ertzean—; ostegunean, Agorregi ingurura joango dira (Aia, Gipuzkoa); eta azken saioa ostiralean egingo dute, Lizarrako (Nafarroa) kanpin batean. Herritarrak protagonista bilakatu ohi dituzte Naiz irratiko saio horretan.
Naiz irratiarentzat, bestalde, udako programazioko beste «izarretako bat» Frantziako Tourraren emanaldiak dira. Egunero aritzen dira etaparen amaieraren kontakizuna egiten, 16:00etatik 18:00etara. Uztailaren 26an amaituko da gizonezkoen Tourra. Abuztuko lehen egunetan izango da, bestalde, emakumezkoen Frantziako Tourra, eta hori ere zuzenean entzun ahalko da Naiz irratian.
Hurrengo denboraldia, abuztuaren 31n
Ion Telleria Naiz irratiko programazio arduradunak nabarmendu du irratiko entzuleen komunitatea «indartzen eta egonkortzen» ari dela. «Horren adierazle dira entzule datuak. Etenik gabe igotzen ari zaigu entzule kopurua».
Azkeneko ikasturtean 70 saio berezi ere eman dituztela azaldu du Telleriak. Urtearen hasieran, Urtzi Ugaldek Azken kafea podcasta egiteari ekin zion, eta Naiz irratikoak gustura daude heriotzaz «sakon hausnartzeko» aukera eman zielako. «Mikel eta Laboa podcasta ere mamitsua izan zen. Eta umoreak bide berriak aurkitu ditu Bi eta piku eta Punpaire saioekin», gaineratu du Telleriak. Maria Laespadaren Oroimenaren geltokia eta Iraia Cambraren Leku baten bila ere nabarmendu ditu Telleriak urte honetako emankizun esanguratsuenen artean.
Abuztuaren 31n hasiko du denboraldi berria Naiz irratiak. Telleriak iragarri duenez, programaren zutabe nagusiak bere hartan mantenduko dituzte. «Edonola ere, berrikuntza batzuk iritsiko dira. Su txikitan ari gara horiek egosten. Irailetik aurrera jakingo dute entzuleek saio berriak zein diren».