Hiru lagunek pisua partekatzen dute Bilboko Alde Zaharrean. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta direla, ezusteko albiste bat jasoko dute: etxeko jabea hil egin da, eta haren semeak hilabete eman die maizterrei alde egiteko. Aktualitateko gai bati umorez heldu diote Nitya Lopezek eta Alba Lozanok Aloka(h)iru lau ataleko telesailean. EITB taldeko Primeran plataformak gaur estreinatuko du telesaila, 22:00etan —hiru ordu lehenago, Bilboko Golem Alhondiga aretoetan emango dute—. Lau atalak aldi berean jarriko dituzte plataforma digitalean.
Komedia horren atal bakoitzak 24 minutu inguruko iraupena du. Etxebizitza eskuratzeko arazoa dago muinean, baina irribarrea galdu gabe ekingo diote protagonistek egunerokoari. Epe motzerako beste etxebizitza bat alokatzeko aukerarik gabe, egoerari etekina ateratzea erabakiko dute maizterrek, eta hiru negozio klandestino sortuko dituzte etxe barruan.
Neska bakoitzak bere abileziak erabiliko ditu sosak lortzeko: Garazi —Lorea Intxaustik antzeztuko du— Zuzenbide ikaslea eta turismo gidaria da, eta bisita gidatuak etxean bukatuko ditu, turistei oroigarriak urrearen prezioan saltzeko; Nerea —Izaro Nietok antzeztuko du— Ikus-entzunezkoetako ikaslea da, eta bere gela kaotikoa ihes gela bihurtuko du; eta Maider —Nerea Sanzek antzeztuko du— Arte Ederretako ikaslea da, eta logela eskainiko du ligatzeko aplikazio batean, hiriaren erdigunean intimitatea bilatzen duten bikoteentzat. Irtenbide desesperatu gisa hasitakoak laster jarriko ditu kolokan haien bizikidetza, etorkizuneko planak eta adiskidetasuna.
Etxebizitzaren krisia, umore biziz
Egoera zentzugabeak, kritika soziala eta adiskidetasun harremanei buruzko begirada hurbila uztartzen ditu telesailak, Lopezek eta Lozanok azaldu dutenez. «Zuzenean eragiten gaituen komedia da, egunero bizi dugun errealitate batetik abiatzen delako. Etxebizitzaren krisiari buruz umorearen bidez hitz egiteko beharretik sortu da telesaila». Sortzaileek, era berean, nabarmendu dute ikasle pisuetan eratzen den adiskidetasuna «berezia» izaten dela. «Lau horma horien barruan soilik sortzen den harreman mota bat da, eta, elkarbizitza amaitzen denean, eraldatu egiten da. Istorio hau kontatu nahi genuen gertutik ukitzen gaituelako, gu ere pisu horietan bizi izan baikara».Â

Elkarrizketa zorrotzak eta egoera absurdoak ditu telesailak. Eta pisu partekatua beste pertsonaia bat bihurtzen da, «elkarbizitzarako, erresistentziarako eta babes emozionalerako gunea».
Bi ekoiztetxek sortu dute egitasmoa: Platanoboligrafo eta La Cornea Digital. EITBk parte hartu du; izan ere, Formatu txikiak, talentu berriak lehen deialdian aukeratutako lanetako bat izan zen.
Lorea Intxausti, Izaro Nieto eta Nerea Sanz dira aktore protagonistak. Eta aktore taldean dira, besteak beste, Arnatz Puertas, Alvar Gordejuela, Dorleta Urretabizkaia eta Kepa Errasti.