Azkeneko asteetan Ur handitan erreportaje saioa eman du ETB1 kateak astearte gauetan, prime time ordutegian. Programa horren denboraldia joan den astean amaitu zen, ordea. Eta, gaurtik aurrera, saio berri batek beteko du haren tokia: Gure amaren etxea. Euskal Herriko hainbat eraikin bisitatuko dituzte programa berrian, memoria arkitektoniko eta kulturalaren isla diren tokiak ikus-entzuleei ezagutarazteko asmoz.
ETBko saio berria Anartz Ormaza arkitektoak eta Marije Pacho historialariak aurkeztuko dute. Aurkezle bikote horrek eraikin bakoitzaren ikuspegi osatua emango du: Pachok anekdotak, gertakari historikoak eta eraikinaren bizitza markatu duten gertaerak azalduko ditu; Ormazak, berriz, lehengoratze prozesuak esplikatu eta jatorrizko elementuak nola mantendu diren erakutsiko du, modernitatearekin uztartuz.
Horrez gain, euskarazko saio berrian jabeen, bizilagunen eta auzokideen esperientziak jasoko dituzte, eraikin bakoitzak komunitatean duen eragina ulertzen laguntzeko. Era berean, berreraikuntza prozesuan parte hartzen duten artisau, ingeniari eta teknikarien lana ere azaleratuko dute.
Ikuspegi dibulgatzailea izan nahi du saioak. Hain zuzen ere, erakutsi nahi du eraikin historikoak bizirik diren historiaren eta lurraldeen identitatearen lekuko direla, eta nola horiek eguneroko bizitzan integratuta dauden gaur egun.
Durangon eta Ispasterren
Gaur gauean, Gure amaren etxea saioaren aurreneko atalean, Bizkaiko Durango eta Ispaster herrietara joango dira Ormaza eta Pacho. Durangoko Etxezuri eraikina barrutik telebista saio batean erakusten duten lehen aldia izango da. Berezia da, gainera, Ispasterko Aixerrota: Euskal Herrian zutik dauden errota bakanetako bat da. Eraikin horien historiaren berri izango dute ETB1 kateko ikus-entzuleek, eta gaur egungo erabilerarako nola eraldatu diren azalduko diete.
Aixerrotako errota 1729. urtean eraiki zuen Pedro Bernardo Villarealek. Garai hartan, lehorte handiak zeuden, eta ibai errotak ez ziren batere ohikoak. Denbora gutxi iraun zuen errota gisa martxan; 1745. urtean, saldu egin zuten, eta bizitzeko etxe moduan erabiltzen hasi ziren. Hamar metro garai da. XVIII. mendean, Ispasterko errota haren antzekoak eraiki zituzten Getxon eta Abadiñon (Bizkaia).
Datozen asteetan, beste herrialde batzuetan ibiliko dira aurkezleak batera eta bestera, eraikin berezien historia ikus-entzuleei ezagutarazteko asmoz.
Gure amaren etxea saioko atal guztiak Interneteko ETB On doako plataforman ere ikusi ahalko dira, noiznahi.