Txell Partal: «Ikus-entzunezkoak kazetaritzaren etorkizuna dira»

Partal 'Vilaweb'-eko editore izendatu zuten ekainean. «Egunkaria jada ez da webaren azala bakarrik: 'Vilaweb' azala da, albisteak dira, Instagram... eta orain liburuak ere bai».

Txell Partal 'Vilaweb'-eko editorea. VILAWEB
Txell Partal 'Vilaweb'-eko editorea. VILAWEB
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zientzia politikoak ikasi zituen, eta, gero, kazetaritzan master bat egin zuen Txell Partalek (Bartzelona, 1989). La Vanguardia egunkarian, Beteve telebistan eta zenbait komunikabidetan aritu da kazetari. Familiaren hedabidean hartu ditu orain ardura lanak.

Nolakoa izan da Vilaweb-eko erreleboa?

Ez da oraingo kontua: urteak dira errelebo horretan lanean ari ginela. Lau urte eta erdi ziren prozesuari ekin geniola, eta orain iritsi da [Assumpcio Maresma, haren ama, administrazio kontseiluko presidentea izango da aurrerantzean, editore lanak utzita]. Urteotan Maresmaren ondoan aritu naiz, Vilaweb bezalako egunkari bat nola editatzen den ikusten. Baina pentsa noiztik ezagutzen dudan egitasmoa.

Gurasoak baitituzu sortzaileak.

Esan izan dut Vilaweb erdiko ahizpa bezala dela. Jaiotzen ikusi nuen, eta ia dena erantzun dezaket Vilaweb-en inguruan. Gurasoek hedabidea nola zuzentzen duten ikusi dut. Eta honek guztiak nola funtzionatzen duen gertutik bizi izan dut. Neure buruan konfiantza izateko esan didate. Eta nik konfiantza badut lantaldean, baita irakurleen komunitatean ere.

Funtsezkoa da hedabidearentzat komunitate hori, ezta?

Ezin nion ezezkorik eman proiektuarekin jarraitzeari, zeren oso egunkari gutxi daude halako komunitate indartsua dutenak. Irakurle komunitateak gure egunkarian sinisten du, konfiantza du gugan, eta garrantzia ematen dio hedabide konprometitu bat izateari. Kazetaritzan eta defendatzen ditugun ideietan konpromisoa duen hedabide bat, funtsean. Garai aztoragarri hauetan, are garrantzitsuagoak gara. Eta, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da komunitate hori izatea.

Zein da gaur egun Vilaweb-en egoera?

Garai aztoragarriak dira, eta adimen artifiziala arriskutsua izan daiteke egoera jakin askotan. Aldi berean, lehen ezin genituen gauza batzuk askoz bizkorrago egin daitezke adimen artifizialarekin. Erronka asko daude. Zailtasunak badaude, ultraeskuina indar handia hartzen ari delako eta bere panfletoak egiten dituelako. Informazioak kontrastatu eta gezurrak gezur direla adierazi behar dugu etengabe. Dena zailtzen da. Baina Vilaweb-en belaunaldi aldaketa batean gaude, eta gogotsu. Gauzak egiteko gogoz gaude, herritarrengana modu askotan iristeko irrikaz.

Sare sozialetako hartzaileak ere hor daude.

Instagramen sekulako lana egin dugu: ia 190.000 jarraitzaile dauzkagu. Batzuek esan izan didate Vilaweb-en ikusi dutela albiste bat, eta Instagrameko gure kontuan ikusi dute. Horrek ez digu diru sarrerarik ekartzen, baina marka sortzen laguntzen du. Egunkaria jada ez da webaren azala bakarrik: Vilaweb azala da, albisteak dira, Instagram... eta orain liburuak ere bai.

Zer harrera izan dute ikerketa kazetaritzako liburuek?

Bi baino ez ditugu argitaratu, eta oso pozik gaude. Liburuen proiektua harpidetzetan oinarrituko da [urtean lau argitaratuko dituzte]. Horrek aukera ematen digu ziurtatzeko liburu bakoitza ateratzen dugunean gutxienez 500 ale salduko ditugula. Herrialde Katalanetako liburu denda asko eskatzen hasi zaizkigu, eta hori ez genuen hain bizkor espero. Josep Nualarten Tres dies d'agost (Abuztuko hiru egun) bigarren edizioaren bidean da. Harrera ederra izaten ari da.

Jendeak kazetaritza pausatua ere eskatzen du?

Bai. Denetarako jendea dago. Ulertu behar dugu ez dagoela modu bakarra informazioa herritarrei emateko. Kontrara: jendeak askotariko moduak bilatuko ditu informatzeko.

«'Vilaweb' independentista da, sortu zen urte beretik. Ahotsa ematen diegu independentistei, baina horrek ez du esan nahi gezurrik esango dugunik»

Instagram aipatu duzu. Garai batean, Twitterren indarra ere bazenuten. Baina zertan da X?

X da bisita gehien ematen diguten sareetako bat. Baina eskuin muturraren panfleto bihurtu da. Asko gara hor jarraitzen dugunak informazioa ematen, baina gero eta gogo gutxiago ematen du bertan sartzeko. Kontua da ez dagoela Twitterren ordezkorik; adibidez, Bartzelonako Udalak X utzi du, baina bila hasten zara eta haren ordezkorik ez dago. Alternatibarik ez dagoen bitartean, Xn jarraituko dugu. Blueskyren datuak oso urrun daude Xtik.

Kataluniako proces-ak garrantzi handia izan zuen hedabide katalanetan. Zer jarrera politiko du orain Vilaweb-ek?

Vilaweb independentista da, sortu zen urte beretik. Politikariak independentistak izan ala ez, gu ez gara milimetro bakar bat ere mugitu gure jarreratik. Jendea engainatua sentitu da, frustratua, ikusita dena nola amaitu den. Baina horrek ez du esan nahi independentistak izateari utzi behar diogunik. Gure egunkaria politikoa da, eta gertatutakoak badu eragina, baina ez du eraginik informatzeko dugun betebeharrean. Kazetaritza politikoa egiten jarraitzen dugu, gizarte eta kultur gaiak lantzen ditugu. Kirola ez dugu lantzen. Eta ahots independentistei tokia egiten jarraitzen dugu. Baina horrek ez du esan nahi inolaz ere gezurrik esango dugunik.

Ikus-entzunezkoetan lan asko egindakoa zara. Zer asmo ditu Vilaweb-ek arlo horretan?

Ikus-entzunezkoak kazetaritzaren etorkizuna dira. Egunotan egin dugu La tertulia proscrita saioaren denboraldiko azken atala, eta datorren ikasturtean aldaketak iritsiko dira. Urritik aurrera berrikuntzak izango ditugu ikus-entzunezkoen eremuan, eta horretan hazten jarraitzea da gure asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.