Telebista

Bi ikusletik bat Athleticen finalerdiari begira aritu zen

Atletico Madril eta Athleticen arteko lehia 93.000 lagunek ikusi zuten euskaraz, eta 300.000k gaztelaniaz. Mallorca eta Realaren artekoa 106.000 herritarrek ikusi zuten euskaraz, eta 129.000k gaztelaniaz.

Athletic-Athletico Madril Espainiako Kopako finalerdia.
Alex Berenguer, atzoko partidan. KIKO HUESCA / EFE
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 08a
12:15
Entzun

Futbolak herritarrak erakartzen dituela jakina da, eta oso agerikoa izan da hori aste honetan Espainiako Kopako finalerdietako partidetan. Mallorca eta Realaren arteko partida 235.000 lagunek ikusi zuten telebistaz astearte gauean: ETB1eko emanaldiak %14,8ko ikusle kuota izan zuen —106.000 ikus-entzule—, eta La1 katekoak, %18,1ekoa —129.000 ikus-entzule—. Atzo gauean Atletico Madrilek eta Athleticek jokatutako lehiari dagokionez, ETB1eko emankizunak %11,9ko ikusle kuota izan zuen —93.000 ikus-entzule—, eta La1 katekoak, %38,3koa —300.000 ikus-entzule—. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan telebistari begira ari zirenen artean, bitik bat Madrilen jokatu zuten partida horri begira aritu zen; %50,2ko ikusle kuota izan zuen partidak. 393.000 herritarrek ikusi zuten, orotara. Soilik finaletan gainditzen da datu hori.

Astelehen gauean jakinarazi zuen EITBk akordio bat erdietsi duela TVErekin, Espainiako Kopako finalerdiak eta finala ETB1en emateko. Gauzak horrela, otsaileko azkeneko astean Realak eta Athleticek etxean jokatuko dituzten finalerdien itzulerako partidak euskarazko kate publikoan ikusi ahalko dira. Baita finala ere; apirilaren 6an jokatuko da, Sevillan (Espainia).

ETBk aldaketa batzuk egin behar izan ditu programazioan, partiden emankizuna dela eta: ETB1en Mihiluze-ko bi atal atzeratu egin dituzte. Bestetik, ETB2ren Conquis: El debate saioa asteazkenetik ostiralera pasatu dute aste honetan, Athleticek atzo jokatu zuela eta.

Kopako lehien datuak

Datu oso ontzat jo daiteke Atletico Madril eta Athleticen partidak izan zuena. Izan ere, Osasunak eta Athleticek aurreko denboraldian jokatutako finalerdiak baino ikusle gehiago bereganatu zituen atzo gauekoak. Athleticek eta Osasunak itzulerako lehia San Mamesen jokatu zuten iaz, eta aurreneko 90 minutuek %8,5eko ikusle kuota izan zuten ETB1en, eta %36koa La1n; luzapenean, berriz, TVEko emanaldiak %40,4ko ikusle kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %8,5ekoa. Apur bat apalagoak izan ziren joaneko partidaren datuak: %31,1eko kuota La1n, eta %8,4koa ETB1en.

Espainiako Kopako finala Osasunak eta Real Madrilek jokatu zuten iaz. Nafarroan %12ko ikusle kuota izan zuen emanaldiak ETB1en, eta %48,1ekoa La1n. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, La1 kateko emanaldiak %37,4ko kuota izan zuen, eta ETB1ekoak, %8,7koa.

Realak eta Athleticek 2021. urtean jokatu zuten Kopako finalari dagokionez, ETB1eko emanaldiak %21,9ko kuota izan zuen, eta Tele5koak, %51,7koa. Biak batuz gero, %73,6ko kuota. Kasu horretan bai, partidak gainditu egin zuen atzo gaueko lehiaren datua, finalerdietako joanekoarena. Baina finala zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.