Ikus-entzunezkoak

Iribarren inguruko dokumental bat iritsiko da gaur Primeran-era

Athleticeko atezain ohiaren erretratu intimo eta sentitua egin dute.

'Iribar, atezaina' dokumentala.
'Iribar, atezaina' dokumentala. FMK FILMAK
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak 80 urte bete ditu aurten. Haren omenezko eskultura bat inauguratu zuten joan den larunbatean, abenduaren 16an. San Mames atarian dago brontzezko eskultura, Bilbon, bi metro eta hamar zentimetrokoa. Primeran plataformak, berriz, Iribar, atezaina dokumentala estreinatuko du gaur. Zale zuri-gorrien memoriarako geldituko dira eskultura eta dokumentala.

FMK Filmak ekoiztetxeak ekoitzi eta Oier Plazak zuzendu du atezainaren inguruko dokumentala. «Haren erretratu intimo eta sentitua egitearekin batera, hezur-haragizko pertsonarengan sakonduko du ikus-entzunezko lanak», azaldu du Plazak. Pedro Mari Goikoetxea, Igor Salutregi eta Garazi Velasco dira dokumentalaren gidoilariak. Edizioan, berriz, Hannot Mintegia eta Mikel Etxebarria aritu dira. Irudiaren arduraduna Kerman Goikouria da, eta soinuarenak, Dani Asua eta Ager Galarza.

'Iribar, atezaina' dokumentala.
Jose Angel Iribar, Lezaman, dokumentalerako hizketan. FMK FILMAK

Iribar bera ageri da dokumentalean hizketan, bere kirol ibilbidea gogoratzen. Elkarrizketatuen artean daude Unai Simon eta Mariasun Quiñones Athleticeko atezainak, Iñaki eta Nico Williams jokalariak, Andoni Zubizarreta, Daniel Ruiz, Javier Clemente eta Julen Guerrero Athleticeko jokalari ohiak, eta Manolo Delgado eta Peio Agirreoa entrenatzaile ohiak. Jorge Valdano Real Madrileko jokalari ohia eta Sara Estevez kronikari aitzindaria ere mintzo dira Iribarren inguruan. 

Athleticeko zale batzuk ere agertzen dira dokumentalean: Zarautz kirol elkarteko (Gipuzkoa) eta Arrankudiagako (Bizkaia) Eskalza peñako kideak, tartean. Gainera, Benito Lertxundi musikariak eta Jon Maia bertsolariak parte hartu dute lanean. Baita Jose Antonio Nielfa La Otxoa-k, Miguel Barandallak eta Alex Padillak ere.

Grabaketa gehienak Bilbon egin dituzte. Gainera, filmaketa batzuk San Mames futbol zelaian eta Lezaman egin dituzte. Elkarrizketa gutxi batzuk Madrilen egin dituzte.

Dokumentalaren ekoizleak Eider Plaza eta Garazi Velasco dira. Grafismoak Mikel Etxebarriak egin ditu.

Eduki gehiago

Primeran plataformak beste eduki batzuk jarriko ditu aste honetan katalogoan. Tarte berezi bat eskainiko diete Eguberrietako emankizun bereziei: larunbatean, Euskadiko Orkestraren gabon kanten kontzertu bat jarriko dute; eta igandean, Fair Saturday 2023 Irekitze Ekitaldia emanaldia sareratuko dute. Haurrentzako bi saio berri estreinatuko dituzte: Yoko oporretan eta Aurrera, astromutil, aurrera. Atzerriko bi telesail ere iritsiko dira plataformara gaur bertan: Bila nazazu Parisen eta Squinterrak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.