Israel Eurovisioneko finalerako sailkatu da, oihu artean

Lehen finalerdia atzo gauean egin zuten, Vienan. Israelgo ordezkariak kantatu zuenean, genozidioaren aurkako oihuak entzun ziren. Jaialdiak ezabatu egin ditu Youtubera igotako bideoan.

Palestinako bandera bat, atzo, Eurovisioneko lehen finalerdian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Palestinako bandera bat, atzo, Eurovisioneko lehen finalerdian. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 13a
08:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Stop the genocide! Stop the genocide!» (Gelditu genozidioa!) oihuak entzun ziren bart, Vienako Wiener Stadthalle auditoriumean, Eurovisioneko lehen finalerdian Israelgo ordezkari Noam Bettanek kantatu zuenean. Eurovisionek, baina, oihu horiek kendu egin ditu Israelgo kantaren bideoa Youtuben zabaldu duenean. Ikusle bat auditoriumetik atera zuten segurtasun indarrek, bortizki, genozidioaren aurkako protesta egiten ari zelako. Segurtasun neurri zorrotzak izan ziren arren, Palestinako bandera bat ikusi ahal izan zen finalerdian.

Musika jaialdiko lehen finalerdia jokatu zuten atzo gauean Austriako hiriburuan. Honako hamar herrialde hauek sailkatu dira larunbateko finalerako: Grezia, Finlandia, Belgika, Suedia, Moldavia, Serbia, Kroazia, Lituania, Polonia eta Israel. Hain zuzen ere, ostiralerako eta larunbaterako protestak espero dira Vienan, Israelen parte hartzeagatik.

Bihar egingo dute bigarren finalerdia, eta bertatik aterako dira beste hamar finalistak. Lehendik ziurtatua zuten finaleko parte hartzea Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Erresuma Batuak, baita Austria anfitrioiak ere.

Jaialdiaren 70. aldian ez dute parte hartuko Islandiak, Esloveniak, Irlandak, Herbehereek eta Espainiak. Herrialde horietako telebistetako arduradunek Europako Irrati-Telebista Batasunari eskatu zioten Israel jaialditik kanpo uzteko, Gazan egiten ari den genozidioa dela eta. Baina erakundeak eta jaialdiko antolatzaileek Israelek parte hartzea baimendu dute aurten ere, aurreko urteetan bezala.

Aurreko egunetan, bestalde, Israel araudia urratzen aritu da. Ohartarazpen formal bat egin dio jaialdiak, baina ziurra da larunbateko finalean ariko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA