Israel Eurovisioneko araudiak urratzen ari da, iragarkietan botoa eskatuz

Bihar egingo dute musika jaialdiko lehen finalerdia, Vienan, eta Israelek parte hartuko du. Larunbatean izango da finala. Parte hartzeari uko egin diote Islandiak, Esloveniak, Irlandak, Herbehereek eta Espainiak.

Israelgo hautagai Noam Bettan atzo, Vienan, Eurovisionen aurkezpenean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Israelgo hautagai Noam Bettan atzo, Vienan, Eurovisionen aurkezpenean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 11
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoa izango aurtengo Eurovision. Musika jaialdiaren 70. aldian ez dute parte hartuko Islandiak, Esloveniak, Irlandak, Herbehereek eta Espainiak. Herrialde horietako telebistetako arduradunek Europako Irrati Telebista Batasunari eskatu zioten Israel jaialditik kanpo uzteko, Gazan 2023tik egiten ari den genozidioa dela eta. Baina erakundeak eta jaialdiko antolatzaileek Israelek parte hartzea baimendu dute aurten ere, aurreko urteetan bezala. Hain zuzen ere, Israelgo hautagaiak bihar parte hartuko du lehen finalerdian.

Kontua da Israel berriz ere Eurovisioneko araudia hausten ari dela. Interneteko sare sozialetan, Noam Bettan hautagai israeldarraren bideo promozionalak zabaltzen ari dira, eta bertan botoa eskatzen ari da hainbat hizkuntzatan. Jaialdiaren aurretik halakoak egitea debekatzen du Eurovisionek. Europako Irrati Telebista Batasunak ohartarazpen formal bat egin dio Israelgo telebista publikoari. Edonola ere, kantari israeldarrak finalerdian kantatuko du. Hego Euskal Herrian ezingo da jaialdia telebistaz ikusi. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, France2 katean eta France.tv webgunean ikusi ahalko da finalerdi hori, baita osteguneko bigarrena eta larunbateko finala ere.

Martin Green jaialdiko zuzendari nagusiak Norvegiako TV2 kateari esan dio berehala eskatu ziotela Israeli botoa eskatzeko bideoak zabaltzeari lagatzeko. «Jarraituko dugu gainbegiratzen Israelen aktibitate promozionalak zertan diren, eta beharrezkoa baldin bada, hartuko ditugu neurriak», gaineratu du Greenek.

Larunbat honetan jokatuko dute finala, Vienan. Alemania, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua han izango dira —urtero ziurtatua dute finalean parte hartzea—, eta Austriako hautagaia ere finalean izango da, anfitrioi moduan. Beste hogei herrialdetako hogei hautagaik kantatuko dute finalean; bi finalerdietatik aterako dira. Austriako autoritateek iragarri dute segurtasun neurriak zorrotzak izango direla; aste osoan zehar, ikusleek, boluntarioek eta langileek ezingo dute poltsarik, motxilarik eta gerriko poltsarik sartu Wiener Stadthalle eraikinaren ingurura. Segurtasuneko 180 kamera jarriko dituzte.

Europako Irrati Telebista Batasunak, Israelen parte hartzea defendatzen duen aldiro, Eurovision «ekitaldi apolitikoa» dela dio. Errusiak ez du aurreko hiru urteetan parte hartu, Ukrainako 2022ko inbasioa dela eta. Hain zuzen ere, urte horretan Ukrainak irabazi zuen jaialdia.

Portugalgo telebistak jaialdia ematea erabaki du. Baina ikusteko dago zer gertatzen den telebista emankizunarekin, RTP telebista publikoko langileek eskatu baitute Eurovision «boikotatu» egin beharko litzatekeela, Israelen parte hartzea dela eta. Aldaketarik ezean, Os Bandidos do Cante Portugalgo taldeak biharko finalerdian parte hartuko du. 

Palestinako filmak Esloveniako telebistan

Eurovisionen aste berean, ostiralean Nakba eguna gogoratuko dute palestinarrek. Israelgo Estatua sortu eta erbestealdia hasi zen eguna da, eta protestak eta manifestazioak eginez gogoratzen dute urtero. Egun horretarako, Vienan protesta kontzertu bat antolatu dute, Israelek Eurovisionen parte hartuko duela salatzeko. Larunbaterako, berriz, manifestazio bat deitua dago Austriako hiriburuan.

No Other Land dokumentala
'No Other Land' dokumentalaren fotograma bat. FILMIN

Larunbatean, Eurovisionen finala egingo duten egun berean, Esloveniako RTV telebista publikoak Palestinaren inguruko programazio berezia eskainiko du. Besteak beste, No Other Land dokumentala, Coexistence, My Ass! dokumentala eta Sawt al-Hind Rajab filma emango dituzte. Azken horrek Publikoaren Saria irabazi zuen iaz Donostiako Zinemaldian —inoizko puntuaziorik altuena lortu zuen: 9,52—.

Espainiako TVE kate publikoak ez du Eurovision emango 70 urtean aurreneko aldiz. Larunbat gauean, La Casa de la MĂºsica izeneko musika saio bat emango du; hogei talde eta musikarik parte hartuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA