'Itoiz fenomenoa' dokumental saioa estreinatu du Primeran-ek

Itoiz musika taldearen ibilbidea eta diskografia oroitu dituzte dokumental sortan, eta hiru atalez osatuta dago.

'Itoiz fenomenoa' dokumental saila. PRIMERAN
'Itoiz fenomenoa' dokumental saila. PRIMERAN
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itoiz rock taldea desagertu zenetik 30 urte pasatu diren honetan, film bat eta dokumental saio bat jarri ditu bere katalogoan EITB taldearen Primeran plataformak. Batetik, Itoiz. Udako sesioak filma ikus daiteke doako zerbitzuan —Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendua da lana, eta iazko azaroan estreinatu zuten Bilboko Zinebi jaialdian—. Aurretik telebistan ikusi gabekoa da, ordea, Itoiz fenomenoa dokumental sorta. Taldearen ibilbidea eta diskografia oroitu dituzte hiru ataletan. Gaurtik ikus daiteke Primeran-en.

Dokumental saioaren atal bakoitza 30 minutukoa da. Hartan, gertutik ezagutu ahalko da Juan Carlos Perezen eta haren bandaren inguruko fenomenoa: bandaren garapena eta musikarien joan-etorria, artxiboko askotariko materiala erabiliz. Argazkiak, garai hartako bideoak, taldearen bideoklipak eta prentsan argitaratutakoak uztartu dituzte. Modu horretan, taldearen sorkuntza lanaren nondik norakoen berri garai hartako testuinguruan jakin ahalko dute ikus-entzuleek.

Askotariko elkarrizketak

Zuazo, Goikoetxea eta Andraka dira oraingo honetan ere dokumental saioaren egileak. Elkarrizketa ugari egin dituzte, hala nola Itoizen garaikide izan ziren eragile batzuei eta gaur egungo bestelako pertsonalitateei.

Dokumental saioaren trailerra.

Elkarrizketatu dituzten kazetarien artean, Jon Eskisabel, Javier Corral Jerry, Roge Blasco, Amaia Urkia eta Joseina Etxeberria daude. Literatur arloan, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Jasone Osoro idazleekin hitz egin dute. Eta musikarien artean, Mixel Ducau, Aurora Beltran, Roberto Moso, Aiora Renteria eta Fermin Muguruza, baita Belako taldekoak ere. Joseba Alkalde letragilea, Juan Luis Markaida taldeko argazkilaria eta Edurne Ormazabal Tabakalera kultur zentroko zuzendaria dira elkarrizketatu dituzten beste batzuk.

Itoiz. Udako sesioak dokumentalari dagokionez, bestalde, aretoetan eta jaialdietan ibilbide arrakastatsua egin du. Hautagaia da Film Dokumentalik Onenaren Goya sarirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.