2025ak emandako euskal musika eta ikus-entzunezkoak saritu zituzten atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Ainhoa Vitoriak eta Antton Telleriak gidatu zuten ekitaldia, eta artista, kanta, disko, bideoklip eta zuzeneko onenak nabarmendu ziren.Â
Artista onenaren saria Janus Lesterrek jaso du, eta disko onenarena, berriz, Merina Grisen Zuloa lanak. Ikuskizun onenaren saria Zetak taldearen Mitoaroa lanak eskuratu du, eta zuzeneko onenaren saria Gorka Urbizuk jaso zuen. Abesti onenaren saria ere hark lortu du, Zilarra abestiari esker —saria jasotakoan, gainera, zuzenean jo zuen—. Artista edo talde berri onenaren Kutxabank Korner saria Naxkerrek jaso du, eta bideoklip onenarena, Miruaren Morroxko lanak.
Sarituez gain, beste hainbat artista ere igo ziren oholtza gainera. Besteak beste, kantuan aritu ziren Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Izaro, Merina Gris, Hofe, Jimena Amarillo, Janus Lester, Nogen eta Euskoprincess.
Aurten, gainera, berritasun bat izan da sarietan. Lehen aldiz, zuzeneko onenaren eta ikuskizun onenaren irabazleak Gazteako publikoak aukeratu ditu, bozketa bidez. Gainontzeko sariak Gaztearen epaimahaiaren esku gelditu dira.
Ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izan zuten bertaratu ez zirenek, eta jada edonorentzat ikusgai dago ETB On, Guau eta Primeran plataformetan.