Joseba Urkiola EITB Mediako Transmediako zuzendariorde izendatu dute, eta kiroletako zuzendaritza Amane Ibañezek hartu du

Urkiola EITBk ematen dituen zuzeneko ekitaldi eta kontzertuez ere arduratzen da. Kirol kontratu batzuez arduratuko da bolada batean.

Joseba Urkiola EITB Mediako Transmedia eta Ekitaldi zuzendariordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joseba Urkiola EITB Mediako Transmedia eta Ekitaldi zuzendariordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat urtez aritu da Joseba Urkiola Irulegi kazetaria (Leitza, Nafarroa, 1986) ETBko kiroletako erredakzioan lanean. 2018. urtean kirol zuzendari izendatu zuten; eta 2021ean, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusi izendatu zutenean, EITB Media taldeko Kirol zuzendaria bilakatu zen. Bost urtez jardun du ardura horretan. Duela aste batzuetatik, ordea, EITB Media taldeko Transmedia eta Ekitaldiko zuzendariordea da Urkiola.

Berriki EITBk ESE 2026 eduki sortzaileen eguna aurkeztu zuen —hilaren 26an egingo dute Bilbon, irrati-telebista publikoaren egoitzan—, eta orduko hartan Urkiola aritu zen EITBko zuzendaritzako ordezkari gisa hizketan.

Kazetaritzan eta euskal filologian lizentziatua da Urkiola. Kirol esatari aritu izan da ETBn, futbolean eta beste kirol batzuetan. Eta pilota jaialdi askotan ere esatari jardun du. 2022an, Teobaldo sarietako bat eman zion Nafarroako Kazetarien Elkargoak.

Kargu berrian, transmedia egitasmoez gain, EITBk zuzenean ematen dituen ekitaldi eta kontzertuen ardura izango du; kasurako, ETB1ek larunbat gauetan ematen dituen Oholtzan saioko musika ekitaldiak edo areto handietan talde publikoak eman izan dituen kontzertuak. Nahiz eta aurrerantzean ez den kiroletako sailean arituko, Urkiolak ETBren kirol kontratu batzuen bitartekaritza lanak egingo ditu oraindik.

Urkiolak Amane Ibañez Goikoetxeari (Mungia, Bizkaia, 1989) eman dio Kirol zuzendaritzako lekukoa, eta uda partean aritu dira zeregin berrietara egokitzeko lanetan. Izan ere, Ibañez izendatu dute EITB Mediako Kirol zuzendari. Auretik, Kirol zuzendariorde kargua zuen Ibañezek. Oraintxe bertan, EITBko Kirol zuzendariorderik ez dago.

Ibañez 12-13 urterekin hasi zen ETB1eko Betizu haurrentzako saioan. BT ispiluen jauregian filmean (2005) eta Go!azen-en lehen etapako telefilmean (2008) eta telesailean (2009-2010) aktore aritu zen. 2015ean, ETBko albistegietan hasi zen kazetari lanetan. ETBko kiroletako aurkezle ere aritu zen gero.

Zuzendaritzan, postu ugari

EITB taldeko zuzendaritzan, gutxienez, 29 zuzendari daude. Zuzendaritzaren organigrama osoa EITB taldearen webgunean dago kontsultatzeko moduan.

Zuzendari nagusia Andoni Aldekoa de la Torre da —2021. urtetik da kargu horretan—. Isabel Octavio Urangak bi postu betetzen ditu: EITBren Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria eta ETBko eta Ikus-entzunezko zuzendaria. 2021etik 2025eko abendura Unai Iparragirrek bete zuen ETBko zuzendari kargua, eta hark EITB utzi zuenean izendatu zuten Octavio telebistako buru.

EITB Mediako zuzendaria Jose Luis Roman da; Irrati eta Audio zuzendaria, Maite Goñi; eta Social Media eta eitb.eus-eko zuzendaria, Nagore de los Rios; EITBko albistegien zuzendaria Arantza Ruiz da; Kultura eta Euskara zuzendaria, Vanesa Fernandez; eta Estrategia eta Balio Publikoaren zuzendaria, Lontzo Sainz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA