Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiaz kanpo aurkeztu zuten Karmele euskarazko filma, irailaren 22an. Ondotik, urriaren 10ean zinema areto komertzialetan estreinatu zuten. Eta orain plataformetara iritsiko da: hain zuzen ere, hilaren 11tik aurrera EITBren Primeran doako plataforman ikusi ahalko da pelikula.
Asier Altuna zinemagileak, Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren bizitzako pasarte batzuk kontatuz, 1937tik 1947rako tarte historikoa eraman zuen pantailara. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarri. Hortaz, memoria historikoari oso lotua da filma. 1936ko gerra, euskaldunen erbestea, Eresoinka taldea, erresistentzia, Venezuelako diaspora eta euskal espioien lana ageri dira filmean.
Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi aktoreek jokatzen dituzte Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren rolak. Haien gurasoena egiten dute, bestalde, Nagore Aranburuk eta Javier Barandiaranek.
Txintxua Films, Esnatzeko Ordua Films eta Gastibeltza Filmak daude ekoizpenaren atzean. Argazkia Javier Agirrerena da. Eta musika, Aitor Etxebarriarena.