Kazetaritza eta demokrazia, elkarren berme

'The Washington Post' egunkariko zuzendari ohi Martin Baronen ustez, demokraziak eusten badio, beste horrenbeste egingo du kazetaritzak. Baina ez ditu erronka gutxi: adimen artifizialaren arriskuez eta harpidedun fidelen garrantziaz mintzatu da Bilbon.

Martin Baron, gaur, Gran Via foroan, Bilboko BBK aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Martin Baron gaur, Gran Via foroan, Bilboko BBK aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko azaroaren 2a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezkortasuna eta itxaropena: bi mutur horien artean ibili da Martin Baron kazetari estatubatuarra, sektorearen inguruan eman duen hitzaldian, Bilbon. Ezkortasuna, adierazi baitu ez duela gogoan egungoa baino «garai zailagorik». Eta itxaropena, irmo ziurtatu baitu kazetaritzak etorkizuna duela, eta beharrezkoa dela: «Eraldatzen ari da, ez hiltzen. Eta ez da hilko demokraziari eusten diogun bitartean».

Prentsa askearen erronka nagusiak xehatu ditu gaur The Washington Post egunkariko zuzendari ohiak, BBKren Gran Via foroan. Egoerari neurria hartze aldera, Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak prentsa askatasunaren inguruan egindako azken neurketa ekarri du hizpidera Baronek: 2026an, aldagai horrek inoizko puntuaziorik okerrena izan du. AEBak bereziki amildu dira zerrendan, 64. postuan baitaude egun. «Nire ibilbidea hasi nuenean, 1976an, estatubatuarrek bikain ulertzen zuten prentsak zer-nolako ekarpena egiten dion demokraziari». Pentagonoko paperak eta Watergate auzia aitatu ditu, baita gertutik ezagutu zuen kasu bat ere: Boston Globe egunkariko zuzendaria zela, ikerketa bat sustatu zuen hiriko artxidiozesiak ezkutatutako haurren aurkako ehunka sexu abusu azaleratzeko.

«Zoritxarrez, nire herrialdea jada ez da prentsa askatasunaren eredu bat». Eta Donald Trump presidentearen bigarren agintaldiari egotzi dio, hein handi batean, egoera aldaketa. «Bere kontrolpean dagoen organismo erregulatzaile batek lizentzia kentzearekin egin die mehatxu hainbat telebista kate garrantzitsuri, bere gustukoak ez diren kontuez informatzeagatik. Eta haren ekimenez, Kongresuak finantzaketa osoa kendu die irrati eta telebista kate publikoei». Horrez gain, arriskuan dago hedabide mordo baten akreditazioa Etxe Zurian sartzeko, eta, bien bitartean, Trumpek makina bat influencer-i egin die tokia han. «Praktikan, propagandista gisa aritzen dira».

Baina ezkortasunetik itxaropenera egin du jauzi kazetariak, beste behin: egoera gorabehera, AEBetan oraindik badira beren lana ondo egiten duten kazetariak, eta badira filtrazioak ere. Eta badago, ondorioz, kazetari eta filtrazio horiek jomugan dituzten ikerketak: esate baterako, gutxienez 50 militar goi kargudunek poligrafoaren proba pasatu behar izan dute, eta, aurten, FBIko agenteek Washington Post-eko kazetari baten gailu elektroniko guztiak konfiskatu dituzte haren etxean egindako sarekada batean. «Autokrata izan nahi duten guztien lehen xedea hedabide tradizionalak dira, baina prentsa ahultzea modu bat baino ez da helburu zabalago bat lortzeko: guztien adierazpen askatasuna ezabatzea».

Teknologia eta dirua

Agintari horiek koska bat dira etorkizuneko kazetaritzarentzat, baina ez dira erronka bakarra. «Aurrenekoz, ezin dugu egia kontatu bakarrik egin; egia erakutsi behar diogu jendeari». Hau da, «epaiketa bateko abokatuak bagina bezala», txosten judizialak, bideoak, audioak, datuak eta abarrak aipatzen direnean, iturriaren esteka ere eskaini behar zaio hartzaileari, edo bideoak eta audioak txertatu, osorik. «Badakigu gaur egun jende askok ez duela konfiantzarik gugan. Mezuak argia izan behar du: ‘Gure lana ziurtatzeko eskubidea daukazu, eta horretarako aukera ematen ari gara’».

«Prentsa ahultzea modu bat baino ez da guztien adierazpen askatasuna ezabatzeko»

MARTIN BARON Kazetaria

Bestalde, Baronek uste du kazetariek erakutsi behar dutela arduratuta daudela gizarteko arazoengatik, baina ohartarazi du, halaber, sarri «aktibista» gisa jokatzen dutela, profesional independente gisa baino gehiago. «Politikariek eta haien aliatuek etengabe egiten diete eraso sektoreko profesional askok adierazpen askatasunerako oinarrizkotzat hartzen dituzten balioei. Eta borrokalari izateko beharra sentitzen dute».

Ez dira hutsalak, era berean, arlo teknologikotik eta ekonomikotik datozen erronkak ere. Baronen irudiko, «teknologiak manipulatu dezake publikoak errealitateari buruz daukan pertzepzioa», eta adimen artifizialak, bereziki, eragin sakona du horretan. Hori izango da erronkarik «larriena», kazetariaren aburuz. «Faltsifikazioak, batez ere audioenak eta irudienak, gero eta ohikoagoak, arriskutsuagoak eta harrapatzen zailagoak izango dira». Hori dela eta, profesionalek baliabide eta ahalmen tekniko gehiago beharko dituzte, eta aditu independenteekin harreman estua izan.

Baina baliabideok erdiesteko dirua premiazkoa da. Eta hori ere kolokan dago. «Komunikabideek urrundu beharra dute bilatzaileetatik eta sare sozialetatik datorkien trafikoaren mendekotasunetik. Irakurle, entzule eta ikusle fidelen oinarri bat landu behar dute, haiengan konfiantza edukiko dutenak, eta haien babesa adieraziko dutenak harpidetzen bidez».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA