Klaudio Landari Joan Ramon Mainat saria emango diote

Gasteizko FesTVal jaialdiko saria jasoko du Landak, entretenimenduko eta aktualitateko programen aurkezle gisa egindako ibilbide luzeari esker.

Klaudio Landa ETBko aurkezlea. ETB
Klaudio Landa ETBko aurkezlea. ETB
urtzi urkizu
2025eko uztailaren 23a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Irailaren 1etik 6ra egingo dute aurten Gasteizko FesTVal jaialdia, eta bertan emango dituzten sarietako batzuk iragartzen ari dira jada. Klaudio Landa ETBko aurkezleak (Ea, Bizkaia, 1967) Joan Ramon Mainat saria jasoko du jaialdiko gala berezian.

Jaialdiak jakinarazi duenez, entretenimenduko eta aktualitateko saioetan aurkezle gisa egindako ibilbide luzeari esker emango diote saria. «Lanbiderako grina agorrezinez, Landak jakin du entretenitzea ez dela dibertitzea bakarrik, konektatzea baizik», gaineratu du FesTVal-ek. «Bere burua berrasmatzen, hunkitzen eta telebista jendearen hizkuntzan mintzarazten jakin du».

Landak Gaztea irratian hasi zuen ibilbidea, 1990eko hamarkadan, Euskadi Gaztea zen garaian. 1996an, Arralde saioa aurkezten hasi zen ETB1en. Ondotik iritsi ziren Hau da marka eta Kale gorrian programak. Sorginen laratza saioan, berriz, sona handia hartu zuen Landak —kolaboratzailea zen gaueko magazin hartan—.

ETB1en aurkeztu dituen beste saio batzuk hauek dira: Oh Happy Day, Debatea, Egunak egin du, Jateko modukoa, Baserria, Eztabaidan eta 11 entzuteko

ETB2n, berriz, Esta es mi gente, Sin ir más lejos, El Programa de Klaudio eta Dinero a saco aurkeztu ditu, besteak beste.

Uda honetan, jaietako suen saio bereziak aurkeztuko ditu ETB1en, Ilaski Serranorekin batera: Donostiako Su Artifizialak eta Bilboko Su Artifizialak aurkeztuko dituzte abuztuan, bi hiri horietako aste nagusiak ospatzen dituzten egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.