Komedia beltz bat, Aitziber Garmendiarekin

Leire Albinarrateren istorio bat ardatz duela, 'Amarekin goxo-goxo' lau ataleko telesaila filmatu dute Primeran plataformarako. Lander Otaola eta Ane Nafarrate dira zuzendariak. «Ironiaz beteta» dagoela kontatu du Otaolak.

Lander Otaola, Aitziber Garmendia eta Sambou Diaby, 'Amarekin goxo-goxo' telesailaren filmaketan. LANDER OTAOLAK UTZITAKOA
Lander Otaola, Aitziber Garmendia eta Sambou Diaby, 'Amarekin goxo-goxo' telesailaren filmaketan. LANDER OTAOLAK UTZITAKOA
urtzi urkizu
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITB taldeko Primeran plataformak fikziozko zenbait telesail estreinatuko ditu udazkenean. Eta, horien artean, Aitziber Garmendia aktorea protagonista duen umorezko lan bat dago: Amarekin goxo-goxo. «Komedia beltz bat izango da, ironiaz betetakoa, une garratz batzuekin», azaldu du Lander Otaola telesaileko zuzendarietako batek. Ane Nafarrate da beste zuzendaria, eta istorioaren sortzaile eta gidoilari nagusia Leire Albinarrate da.

Haizearen rola jokatuko du Aitziber Garmendiak. 35 urte ditu Haizeak, lanik gabe dago, bikotekiderik gabe, eta lagunik gabe ia. Ama badu, baina amarekin ere izango du gorabeheraren bat edo beste. Izan ere, amak abandonatu egingo du halako batean. «Millennial askoren istorioa kontatzen du telesailak. Eta Haizearen pertsonaia oso patetikoa da; euskal nini bat da, oso alferra eta berekoia, aldi berean», azaldu du Otaolak. «Argi genuen Garmendiak jokatu behar zuela pertsonaia hori. Ez zegoen beste inor Haizearena hobeto egingo zuenik».

Garmendiarekin batera, aktore taldean dira Jon Plazaola, Sambou Diaby, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Urko Olazabal eta Asier Hormaza, besteak beste. Haizea protagonistaren amarena Iñake Irastorzak egingo du. Gainera, Otaolak nabarmendu du bi pertsonaia egingo dituela Irastorzak: «Batetik, Haizearen benetako amarena. Eta, bestetik, Haizeari imajinazioan edo modu magikoan agertzen zaion beste amarena; kasu horretan, ama oso makarrarena egingo du Irastorzak». Hortaz, telesaileko zuzendariari iruditzen zaio Irastorzaren esfortzua handia izan dela.

Amari goxo goxo telesailaren filmaketa
'Amarekin goxo-goxo' telesaileko ataletako batzuk, Araban egindako filmaketetako batean. LANDER OTAOLAK UTZITAKOA

Arabako Orduña eta Amurrio herrietan egin zituzten lau atalen grabazioak, hamar egunetan. «Aktore guztiak lagunak ditut, eta oso ederra izan da telesaila lagun artean filmatzea», esan du Otaolak. «Oso pozik gaude emaitzarekin. Zerbait desberdina izango da».

Hiru ekoiztetxe 

Telesaila Tabakalera kultur zentroaren (Donostia) 2deo Serieak programari esker garatu ahal izan dute. Eta hiru ekoiztetxek parte hartu dute ekoizpenean: Monndo Producciones, Sequenza Productions eta Salon Indien Studios. David Perez Sañudo aritu da ekoizle —Sacamantecas filma estreinatuko du aurten zuzendari gisa—, Pablo de la Chica eta Roberto San Sebastianekin batera. «Ikus-entzunezkoen industrian profesional garrantzitsuak dira», dio Otaolak. Beatriz Lopez Nogales musikariaren parte hartzea ere nabarmendu du zuzendariak.

Otaola aktore lanetan aritu izan da orain arte, antzerkian eta zineman; antzerki testuak ere idatzi izan ditu. Amarekin goxo-goxo telesailean ere pertsonaia txiki bat jokatzen du. Film labur batzuk ere zuzendu ditu, eta haren ametsa film luze bat zuzentzea da. Oraingoz, Ane Nafarraterekin batera zuzendu duen lehen telesaila ikusi ahalko da udazken honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE