Kontxako Banderaren emanaldi arrakastatsua egin du bi igandetan Euskal Telebistak. Aurreneko igandeko emakumeen estropadak %18,1eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %33,8koa—; eta atzokoak, %23,4ko kuota —euskaldunen artean, %45,6koa—. Gizonen estropadari dagokionez, irailaren 7koak %31,7ko kuota izan zuen, eta atzokoak %30,4koa —bietan, euskaldunen ia %50ek ikusi zuten—.
Orotara, bi jardunaldiak aintzat hartuz gero, 194.000 laguneko audientzia metatua izan du Kontxako Banderak. Atzokoak 141.000 ikusleko audientzia metatua izan zuen. Hau da, herritar kopuru horrek ikusi zuen momenturen batean estropada.
Goizeko programazioan, lider izan zen ETB1eko emanaldia. Denboraldi honetako beste estropada batzuekin ere euskarazko kateak oso datu onak lortu ditu.
Puntako teknologia erabili zuen Euskal Telebistak Kontxako Banderaren emanaldia zuzenean egiteko. Hiru drone erabili zituen, eta errealitate areagotua eta arraunlarien paladak kontatzeko sistema digitala estreinatu dituzte.
Igande osoko datuak oso onak izan ziren euskarazko katearentzat. Irailean batez beste %2,1eko kuota darama ETB1ek, eta atzo %5,9ko batez besteko ikusle kuota lortu zuen. Albistegiek, kasurako, datu onak izan zituzten: eguerdikoak, %6,7koa; eta gauekoak, %6,1ekoa.