Memoria historikoari buruzko lanketa berezia egiten ari da azkeneko urteetan Naiz irratia. Askotariko audio lanak plazaratu dituzte Euskal Herriko gertaera esanguratsuen inguruan. Azken lan berezi horien artean, larunbat honetan Kristiane Etxaluz militante abertzale historikoaren inguruko podcast biografikoa estreinatuko dute. Gara egunkariko Gaur8 gehigarriarekin elkarlanean landu dute saio hori, eta horretan aritu da Iraitz Mateo kazetaria. Kristiane, Etxaluzeneko alaba izena jarri diote podcastari. Hamabi atal izango ditu, eta guztiak Naiz irratiaren webgunean entzun ahalko dira.
Domintxainen (Zuberoa) jaio zen Etxaluz, 1941ean. Enbata mugimenduaren sorreran parte hartu zuen. Politika eta kultur arloan askotariko lanak egin izan ditu urte luzez. Haren bikotekide Alfonso Etxagarai atxilotu egin zuten, eta ondotik, Sao Tome uhartera deportatu; gauzak horrela, urte batzuetan Etxaluz Euskal Herriaren eta Sao Tomeren artean bizi izan zen. Nekazari lanak ere ez ditu albo batera utzi urte horietan guztietan.
Naiz irratiak, bestetik, Oroimenaren geltokia irratsaioa egiten jarraituko du astelehenero, 18:00etan.
Filosofia eta literatur saio berriak
Naiz irratiak denboraldia hasia du, eta programa batzuk estreinatzeari ere ekin dio. Kasurako, Pentsatzeko txokoa filosofia irratsaioa estreinatu zuten irailaren 11n, Agora Filosofia Elkartearen eskutik. Lehen atalean pornografia izan zuten hizpide; hileko lehen ostiralean emango dute.
Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez, bestetik, Mikel Albisuk Liburuaren mintzoa literatur saio berria aurkeztuko du. Antxeta Irratiarekin (Irun-Hondarribia-Hendaia) eta Bilbo Hiria Irratiarekin elkarlanean egingo dute. Astero izango da entzungai, eta xedetzat izango dute idazleekin lasaitasunez hitz egiteko eremu bat izatea.
Bertsoak ez dira faltako udazken honetan Naiz irratian. Asteazkenero Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren inguruko saio bat emango dute, 18:00etan. Finalaurrekoetatik aurrera, bestalde, saio guztiak zuzenean emango dituzte irratian, Garazi Castañoren gidaritzapean.
Programazioaren bizkarrezurra
Berritasunak berritasun, Naiz irratiak bere nortasunari eutsi eta aurreko urteko programazioaren bizkarrezurra mantenduko du neurri handi batean: Haria-ren lehen tartea, 06:00etatik 08:00etara, Iraia Cambrak gidatuko du; 08:00etatik aurrera, Peli Lekuonak zuzenduko ditu aktualitatearen ingurukoak (analisi mahaia indartu egingo dute). Bigarren kafea magazina 10:00etatik 12:00etara entzun ahalko da. Eta Arrosa irrati sareak ekoizten duen Zebrabidea magazina, urtero bezala, 16:00etatik 18:00etara emitituko dute. Irrati ugaritan entzun daiteke euskarazko saio hori bera.
Musika eskaintza oparoa egin ohi du irratiak. Iker Gurrutxagaren MusikHaria saioak bi tarte propio izango ditu: 15:00etan eta 22:00etan. Kirolei eskainitako KirolHaria, aldiz, 14:00etan izango da.
Aurreko ikasturtean abiarazi zituzten beste saio batzuek jarraipena izango dute: Bi eta piku, asteartetan, 18:00etan; Alde erantziz, asteazkenetan, 19:00etan; eta Punpairez, ostegunetan, 18:00etan.