Lau eta erdiko finalak %51,8ko ikusle kuota izan zuen Nafarroako euskaldunen artean

EAEn, euskaldunen %21,7k ikusi zuten ETB1en Peio Etxeberriaren garaipena.

Peio Etxeberria, atzoko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Peio Etxeberria, atzoko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 17a
11:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusmin handiko kirol emanaldiak egin ditu asteburuan ETBk, eta ikusle datu handiak bereganatu. Larunbatean, euskal selekzioaren eta Palestinaren lagunarteko partidak %21,1eko ikusle kuota bereganatu zuen EAEn; neurketaren ondorengo emanaldiak %25,6ko kuota izan zuen. 350.000 herritarrek ikusi zuten momenturen batean partida —aintzat hartu behar da San Mames futbol partidan 51.000 lagun inguru zeudela—. Larunbatean, egun osoan, ETB1ek %7,1eko kuota eskuratu zuen. Georgia-Espainia futbol partidak, bestalde, %21,5eko kuota izan zuen La1 katean.

Atzo, berriz, lau eta erdiko txapelketako finala jokatu zuten Peio Etxeberriak eta Jabier Zabalak Bilboko Bizkaia Arena pilotalekuan. EAEn, %13,7ko ikusle kuota lortu zuen pilota partidak —euskaldunen artean, %21,7koa—. Askoz handiagoak izan ziren datuak Nafarroan: %24,7ko ikusle kuota herritar guztiak aintzat hartuta, eta euskaldunen artean finalak %51,8ko kuota bereganatu zuen. 166.000 lagunek ikusi zuten uneren batean finala. Igandean, ETB1ek %4ko ikusle kuota izan zuen.

Azaroa orain arte ondo doa ETB1entzat: hilabeteko orain arteko batez besteko kuota %2,4 da. Urrian, euskarazko kateak %1,7ko kuota izan zuen; eta irailean, %1,8koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.