Azken pausoa eman du Inge Mendioroz Ibañezek zuzendutako Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalak. Zinema jaialdien, areto txiki eta handien, eta telebista konbentzionaleko emanaldien ostean, Primeran plataforma digitalera iritsi da. EITBren plataforma digital horretan noiznahi ikus daiteke Lurdes Iriondo Mujika abeslari eta idazlearen inguruko lana.
Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentala iazko irailaren 19an estreinatu zuten, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean. Inge Mendioroz Ibañez zuzendariak Lurdes Iriondoren lana ezagutarazten du filmean. Baina ez hori bakarrik. Hainbat gai lantzeko hautua ere egin zuen zinemagileak: emakumeek Euskal Herriko historian izandako rola, norberaren identitatea sortzeko erreferenteen beharra... Maluta Films ekoiztetxearen film hori Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan eman dute azkeneko hilabeteetan. Zazpi lurraldeetan, gainera. ETB1 kateak, berriz, apirilaren 3an eman zuen aurrenekoz telebista konbentzionalean.
Euskaraz kantatu zuen Iriondok, eta euskaraz idatzi ere bai, bereziki haur literatura. Bestalde, Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan (Gipuzkoa). Euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea da Iriondo, eta dokumentalak horretan ere sakontzen du.
Filmerako makina bat elkarrizketa egin zituzten Iriondoren erretratua osatzeko: Maite Idirin Solatxi, Koro Berasategi Iriondo, Mariasun Landa Etxebeste, Pantxika Erramuzpe Alfaro, Agurtzane Intxaurraga, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbaoren ahotsak ditu, baita BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipirena ere —hark egin zien azken elkarrizketa Iriondori eta Xabier Leteri, etxean zirela—.
Dokumentalaren gidoilaria Idoia Garzes Aldazabal da. Haritz Arrizabalaga Garmendia aritu zen argazki zuzendari, eta Koldo Corella Ugalde arduratu zen soinu diseinuaz. Doinuak Maite Arroitajauregi Mursego-renak dira. Baina Iriondoren kantek zipriztintzen dute film osoa. Eider Eibarrek eta Iskander Sagarminagak egindako animazioak ere badira dokumentalean.