Lurreko telebista digitala aldatu egingo da gaur Hego Euskal Herrian

Goizeko zortzietan telebista gehienetan kanalak berriro sintonizatu egin beharko dira, bestela ezingo baitira kate batzuk ikusi. Bereizmen ultrahandian hasiko dira emititzen hainbat kate. La Septima kate berriak eguerdian hasiko ditu emankizunak.

La Septima kateko bultzatzaile eta aurkezleak, irailaren 7an, Gasteizko FesTVal jaialdian. FESTVAL
La Septima kateko bultzatzaile eta aurkezleak, irailaren 7an, Gasteizko FesTVal jaialdian. FESTVAL
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Telebista kate konbentzionalek berrantolaketa eguna dute gaurkoa Hego Euskal Herrian. Telebista aparatuan ezer egin gabe ere, euskarazko kateak lehen bezala ikusteko aukera izango dute herritarrek. Baina gaztelaniazko bost telebista kate ezingo dira ikusi, baldin eta kateak berriro sintonizatzen ez badira. 08:00etatik aurrera egin behar da aparatuetan sintonizazio hori, eta, modu horretan, lurreko telebista digitalaren berregituraketa berriaren eskaintza jasoko dute ikusleek. Hala eginez gero, gainera, telebista kate batzuen bereizmen ultrahandiko emankizunak iritsiko dira pantailara.

Telebistako kateak ez badira berriz sintonizatzen, Clan (RTVE), Dkiss (RadioBlanca), Atreseries (Atresmedia), Be Mad eta Boing (Mediaset) galtzeko arriskua izan dezake ikus-entzuleak. Ez dira desagertuko, baizik eta lurreko telebista digitalean tokiz aldatuko dira, eta berriro sintonizatu behar dira ikusi ahal izateko. Telefonia operadoreen bidez kateak ikusten diren aparatu askotan, ordea, ez da sintonizazio hori egin beharko, eta automatikoki azalduko dira kate guztiak bere horretan.

Bereizmen ultrahandiko teknologia ez duten telebista aparatuetan lehengo bereizmen berarekin ikusiko dira kateak, hau da, goi bereizmenean. Baina RTVE talde publikoaren eta Atresmedia eta Mediaset komunikazio taldeen telebista kate gehienetan emankizunak kalitate handiagokoak izango dira aurrerantzean. 4K teknologiarekin pareka daiteke kalitate hori.

LTD lurreko telebista digitalaren modernizazio faseak ez dira amaituko gaurko berregituraketarekin. Izan ere, beste kate batzuek aurrerago egingo dute urratsa emankizunak bereizmen ultrahandian hasteko, tartean, ETBko kateek. Horretarako itxaron egin beharko da, ez baitute jakinarazi noiz egingo duten.

Hego Euskal Herriko etxe komunitate gehienetan ez da antenan egokitzapen berririk egin beharko LTDko kate berriak lehen bezala ikusteko. Hala ere, kasu bakan batzuetan gerta liteke kateak berriro sintonizatu eta gero kanal guztiak ezin ikustea. Eta, kasu horretan, erakundeek gomendatu dute etxeko administratzailearekin harremanetan jartzeko.

La Septima jaioko da gaur

Telebista kateen eskaintzan, bestalde, berrikuntzarik handiena La Septima Espainiako gaztelaniazko kate jeneralista sortu izana izango da. Gaur 12:00etan hasiko dituzte emankizunak. Bere programazioan zuzeneko zortzi telebista saio izango ditu kate berriak. Grabatua izango den bakarra zinema saio bat izango da, La séptima pantalla: larunbatetan, 21:00etan, film bat emango dute —iragarkirik gabe—, eta, ondotik, eztabaida bat egingo dute pelikulako gai nagusiaz. Astegunetako zuzeneko programa horiek guztiak plato beretik egingo dituzte, Madrilen.

Veronica Sanz kazetariak gidatuko du goizetako El pulso saioa La Septima katean, 09:00etatik 15:00etara; ondotik, Sarah Santaolallak En lĂ­nea gidatuko du, 17:00ak arte; Rocio Delgadok hartuko dio lekukoa Sobre la mesa saioarekin, 19:00ak arte; eta 19:00etatik 21:00etara, La diana aurkeztuko dute Noor Ben Yesefek eta Gloria Menak. Javier Ruiz kazetariak, kateko zuzendari editorialak, La Ăºltima hora programa gidatuko du, 21:00etan hasi eta 01:00ak arte.

Asteburuetako saioetan gidari lanak egiten ariko dira Lujan Arguelles, Hector de Miguel Queque, Alba Carrillo eta Marta Marquez.

Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu zuten La Septima, irailaren 7an. Orduko hartan, katearen bultzatzaileek ez zuten ezkutatu kateak ildo «aurrerakoia» eta «ezkertiarra» jorratuko duela. Jose Miguel Contreras izan da egitasmoa martxan jartzen aritu direnetako bat; Prisa komunikazio taldearen bidez saiatu zen hasieran telebista lizentzia bat eskuratzen, baina, azkenean, talde horretatik aparte jardun du.

La2 Cat eta La2, bereizita

Katalunian beste aldaketa bat gertatuko da gaur kateen berregituraketa berrian. Kataluniako Generalitatearen eta RTVEren arteko hitzarmen bati esker, La2 Cat kateak bere kanal propioa izango du lurreko telebista digitalean —orain arte, La2 katearen deskonexioen bidez funtzionatzen zuen—. Gauzak horrela, La2 katea Katalunian beste lurraldeetan bezala ikusiko da, bere ohiko eduki eskaintzarekin. Eta La2 Cat kanalak bere programazio propioa izango du, gehienbat katalanez. Bi erakundeek iragarri dutenez, helburua da La2 Cat katearen programazio guzti-guztia katalanez izatea bi urteko epean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA