Azkeneko egunetan, BERRIAren irakurleek aukera izan dute erabakitzeko 2025ean argitaratutako azalen artean zein iruditzen zaizkien onenak. Maiatzaren 4koa aukeratu dute: orduko hartan, BERRIAren azala pailazoz jantzi zen, sudur gorri eta guzti. Hain zuzen ere, aurreko egunean Maite zaitut jaialdia egin zuten Barakaldoko BECen (Bizkaia), Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen omenez. 359 boto jaso ditu azal horrek, beste edozeinek baino gehiago.
Boto gehien bildutakoen artean bigarrena martxoaren 9koa izan da; Emakumeen Nazioarteko Egunaren berri ematen zuena, hain zuzen. 242 boto jaso ditu azal horrek. Eta boto gehien jaso dutenen artean hirugarrena, berriz, Pepe Mujicari eskainitakoa da. Hura hil berritan, Uruguaiko presidente ohiaren irakaspenei buruzko erreportaje zabala argitaratu zen euskarazko egunkarian. Mujicaren marrazkia dakarren azalak 217 boto jaso ditu.
Produktu sorta bat zozkatu dute bozketan parte hartu duten guztien artean, eta Naiara Irastorza eta Jose Antonio Robalo izan dira saridunak.
Palestinaren eta euskal selekzioaren artean San Mamesen jokatu zuten futbol partidari eskainitako azala da boto gehien bildutakoen artean laugarrena. Bosgarrena, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbon egin zuen Pizkundea ekitaldikoa.