«Maitasun antolatua» merezi zutelako

Guztira, 14.000 pertsona eta berrehun sortzaile baino gehiago batu dira gaur BEC erakustazokan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei esker ona eta maitasuna adierazteko.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egindako 'Maite zaitut' herri omenaldia, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egindako 'Maite zaitut' herri omenaldia, Barakaldon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Barakaldo
2025eko maiatzaren 3a
20:09
Entzun 00:00:0000:00:00

«Herri gisa pribilegio hutsa delako zuek bezalako pailazo batzuk izatea». «Euskal Herriari eta munduari begiratzeko modu bat jaso dugulako zuengandik». «Egurra, zentsura eta boikota jaso ondoren maitasun antolatua merezi zenutelako». Bata bestearen atzetik eta zerrendan eman ditu Ane Labaka bertsolari, idazle eta emanaldiaren gidoilariak gaur Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskerrak emateko egon daitezkeen hamaika motibo. «Zuei ikasi genizuen Euskal Herriak bihotz forma duela, zerutik begiratuta, eta zuek eman diozue forma hori. Bihotzez, eskerrik asko». Ibilbidea hasi zutenetik 37 urte bete diren arren, Maite zaitut abestia kaleratu zutenetik hogei urte bete direla izan da maitasun keinua antolatzeko aitzakia, eta 14.000 pertsona inguru bildu dira harmailetan eta pistan pailazoei esker oneko mezu bera helarazteko. Maite zaitugu abestia hirukotearekin batera abestuz amaitu da emanaldia, eta aho batez eta ozen egin dute oihu denek batera gero: «Maite zaituztegu».

«Egurra, zentsura eta boikota jaso ondoren maitasun antolatua merezi zenutelako, eskerrik asko»

ANE LABAKABertsolaria, idazlea eta emanaldiko gidoigilea

Berrehun artistak baino gehiagok hartu du parte emanaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Ines Osinaga, Xabi Solano, Gozategi, Kai Nakai, Eñaut Elorrieta, Lide Hernando, Igor Elortza, Jon Maia, Olatz Salvador, Oreka TX, Bonberenea txaranga, Oinkari, La Pulga eta Martxel Rodriguez dantzariak, Uxue Alberdi, Eñaut Elorrieta, Go!azen telesaileko aktoreak, Gure Zirkua osatzen duen lantaldea, Juantxo Arakama, Albina Stardust, Yogurina Borova, Sol Band talde palestinarra, Amets Arzallus, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Sambou Diaby. Agurtzane Intxaurragak egin ditu zuzendari lanak, eta Xabi Zabalak koordinatutako hamalau musikariko taldeak osatu du emanaldiaren bizkarrezur nagusia, eta bideoak ere tartekatu dituzte saioan. Hasieran Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez dira oholtzan egon, baina, bi orduren buruan, agertokira igo direnean, txalo zaparrada bero eta ozena joz egin die ongi etorria jendeak.

Emakume bat hunkituta. Maite Zaitut herri omenaldia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi
Emakume bat hunkituta, atzo, 'Maite zaitut' herri omenaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Maitasunaren manifestua aurkeztu du Maialen Lujanbio bertsolariak emanaldiaren hasieran. «Emez hasten da, 'eme' eta 'a': 'ma'. ideia handi denen ama, zer da?». Igarkizun baten modura joan da 'maitasuna' hitza osatuz. «'Eme' eta 'a' eta 'i': 'mai'. Minak edertzeko gai. Ezin da eduki, baina eman bai. Zer da?». Eta, hala, hizkiz hizki bildu ditu hitz bakar horren bueltan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen jardunaren oinarri nagusiak. «Maitasun da tasun denen ama, tasunen amama: askatasun, elkartasun, berdintasun, alaitasun... zenbat tasun. Eta osin. Eta asun. Osina ez heldu, asuna ez uki; maitasuna ezin da eduki, baina bai eman».

Maite Zaitut herri omenaldia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
Dantzarien agurra ere jaso zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskara ardatz

Euskara izan da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen urteotako jardunaren bihotza, eta, hain zuzen, euskara izan da emanaldi osoan maizen aipatu den elementuetako bat ere. Euren lana hizkuntza hori zabaltzearekin zuzenean lotuta dagoela azaldu dute Aiora Zulaikak, Mertxe Rodriguezek eta Joxe Mari Agirretxek emanaldian zabaldutako bideoetan. Sudur gorririk eta makillajerik gabe azaldu dira aldiro hirurak ikus-entzunezko horietan. Euskaraz amets egin zuen lehen eguna gogoratu du bideo horietako pasarte batean Rodriguezek, esaterako, eta, institutura heldu arte gaztelaniaz bizi izan zen arren, euskarari esker zer ezagutu ahal izan duen aipatu du: «Herri bat ezagutzeko aukera eman dit euskarak».

Euskara izan dute mintzagai transmisioari buruz aritutakoan ere. Euren seme-alabek pailazoak lehenengoz noiz ikusi zituzten kontatu dute, besteak beste, Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalari ohiak, Amaia Agirre gai jartzaileak eta Xabier Euzkitze ETBko pilota emankizunen esatariak bideo bidez, eta gero, euskarak gaur egun zer behar dituen zerrendatu dute haien seme-alabek agertokian.

«Euskarak eman dit aukera herri bat ezagutzeko»

MERTXE RODRIGUEZMarimotots

Emanaldiaren tarte horretan, txandaka hartu dute hitza, besteak beste, Zapotxin pailazoa antzezten duen Markel Oiarzabalek, Lur Errekondo kirolari eta telebista aurkezleak, Jare Agirre umeak, Aner Peritz bertsolariak eta Amets Aranguren musikariak, eta elkarrekin osatu dute gogoeta. «Euskarak behar ditu hiztunak. Euskarak behar ditu hitzak, hotsak, pozak, eta ez hainbeste lotsa. Euskarak behar du aitortza, konpromisoa, behar du nor, eta izan behar du nor. Euskarak izan behar du guztiontzat, izan behar du plaza, izan behar du zubi, izan behar du leiho eta izan behar du ate... eta izan behar du batez ere aterpe, aterpe bat guztiontzako».

Maite Zaitut herri omenaldia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
'Maite zaitut' herri omenaldia, Barakaldoko BECen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ez da emanaldian landu duten gai bakarra izan, ordea. Minbizia izan dute aipagai Ane pirata abestiaren harira. Migrazioa, berriz, Amona Maria Luisa kantuaren bidez. Genero eta sexu aniztasuna izan dute mintzagai Maitasunaren ostadarra abestia jo aurretik. Desgaitasunak, Bizipoza auzolan kantatzean. Heriotzari buruzko bertso sorta bat ere abestu du Julio Sotok. Eta eskerrak eman dizkie Pirritx, Porrotx eta Marimototsi. «Heriotzarekin nola hitz egin ikasi dugu zuekin».

Palestinaren askatasuna

Agirretxek eta Zulaikak gogora ekarri dute, esaterako, nola ezagutu zuten Ane Pirata izeneko pertsonaia inspiratu zuen umea. Pailazoz jantzita, ospitalera egiten zuten bisita horietako batean ezagutu zutela azaldu dute bideoan. Ohe gainean Maite zaitut abestia nola kantatu zien gogoratu dute, eta, minbiziaren ondorioz gazte hil zen arren, zer-nolako bizipoza zuen ere nabarmendu dute.

Pailazo belaunaldi gazteagoak ere hartu du agertokia. Gure Zirkua taldeko kideek deituta, publiko artetik azaldu dira agertokira Pontx, Zapotxin, Potx eta Lotx, Motx, Tomax, Ekain, Helena Madalena, Pololo eta Txiki pailazoak, eta Klipa, Txintxeta eta Txorroskilo. Eta, hain zuzen ere, haiena izan da publikoa gehien animatu duen saioetako bat. Publikoak gogoz abestu eta kantatu du Epoytaitaye, Euskal Herri osoko hamaika erraldoirekin batera.

«Eskubideak eskatu ez, praktikatu egin behar dira. Egin, bizi eta izan, nahiz eta eskubiderik ez izan»

AMETS ARZALLUSBertsolaria eta idazlea

Palestinaren aurkako genozidioari ere tarte bat eskaini diote emanaldian. Gazako Sol Band taldeak Gure haurrak txoriak dira zeruan abestia jo du zuzenean, arabieraz, eta euskarazko itzulpena eman dute pantailetan. «Palestina askatu» aldarria ozen oihukatu dute ondoren BEC erakustazokan bildutako 14.000 herritarrek, eta Amets Arzallus bertsolariak prestatutako Eskubideen aldeko eta kontrako manifestua irakurri dute ondoren Arzallusek berak ez ezik, baita Itziar Ituñok, Ramon Agirrek eta Sambou Diabyk ere. Besteak beste, euskarari, adierazpen askatasunari eta muga politikei buruzko gogoeta egin dute. «Eskubideak eskatu ez, praktikatu egin behar dira. Egin, bizi eta izan, nahiz eta eskubiderik ez izan».

Maite Zaitut herri omenaldia, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
Palestinaren aldeko aldarria ez zen falta izan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen festan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hunkituta eta eskertuta azaldu dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots Barakaldon (Bizkaia) jasotako maitasun keinua ikusita, eta eskerrak eman dizkiete bertaratutako guztiei. Hirukotea izanik ere, euren jarduna taldean egiten dutela gogoratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.