2024ko apirilaren 26an jarri zuen martxan EITB taldeak haur eta gaztetxoentzako Makusi plataforma digitala. Unibertso digital hori hazten joan da bi urteotan, eta aste honetan 100.000 erabiltzaile erregistraturen langa gainditu du.Â
Isabel Octavio ETBko zuzendariak BERRIAri apirilean azaldu zionez, bi urtean euskarazko haurrentzako edukiak bi milioi orduz ikusi dira Makusi plataforman.
Datu horiek hobetzen jarraitu nahi dute talde publikoan. Hortaz, Makusin hainbat estreinaldi egiten ari dira egunotan. Eta datozen asteetan iritsiko dira beste batzuk ere. Egunotan jarri dute Makusiko katalogoan, kasurako, Ultra Violet eta Eskorpioi Beltza AEBetako telesaila —euskarara bikoiztuta—. Violet protagonista gaztearen bueltan, ekintzaz eta superboterez beteriko abenturak izango dira atal bakoitzean. Maskara magiko bati esker, superabiaduraren boterea eskuratuko du protagonistak, eta familia arteko sekretu handi bat deskubrituko du. EITBk iragarri duenez, umorea, akzioa eta adiskidetasuna uztartzen ditu fikziozko telesail horrek.
Nerea Zendoia Makusiko arduradunak azaldu duenez, plataforman aurten hasitako bide batetik dator Ultra Violet eta Eskorpioi Beltza-ren estreinaldia. «Umeentzako sitcom formatua ari gara euskaraz eskaintzen. Aurretik, maiatzean eta ekainean estreinatu genituen mota horretako antzeko beste bi telesail, Henry Danger eta Nicky Ricky Dicky and Dawn».

Gaur bertan, Loa eta Laia telesaileko Bizikleta abesti berria sareratuko dute. Uztailaren 17tik aurrera, bestetik, Naruto anime arrakastatsuaren atalak jarriko dituzte plataforman —Primeran plataforman duela egun batzuk estreinatu zuten—.
Abuztuan, Pirritx eta Porrotx
Makusin ikustaldi gehien izan ohi dituen telesaila Go!azen da. Hamahirugarren denboraldiko atalak ari da grabatzen egunotan Pausoka ekoiztetxea. Era berean, Go!azen 13 udako bideoklipa estreinatu berri dute Makusin bertan. Bart du izena kantak, eta Iker Lauroba musikariak sortu du.
Abuzturako, berriz, Makusik neska-mutikoentzako emanaldi berezi bat du gordea. Hain zuzen ere, abuztuaren 7tik aurrera, doako plataforma horretan ikusi ahalko da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Gasteizko Algara dantza taldearekin batera egin zuten ikuskizuna. 25. urteurrena ospatu zuen dantza talde horrek, eta elkarrekin prestatu zuten ikuskizuna. Otsailaren 21ean egin zuten jaialdi hura. Joselu Anaiak musika talde beteranoak ere parte hartu zuen.
Datorren ikasturtean askotariko eduki berriak iritsiko dira Makusi plataformara, ETBko zuzendariak iragarri zuenez. «Urte hau amaitu baino lehen, Bob Esponja eta Pocoyo euskaraz emango ditugu, eta jo ta ke lanean ari gara Bluey marrazkien eskubideak lortzeko», esan zuen Octaviok apirilean.