EITB taldearen Makusi haur eta gaztetxoentzako plataformak Zientzia Piztia saioa estreinatu du gaur. Arnaitz Fernandez fisikari eta meteorologoaren eskutik —ETBko Eguraldia-ren aurkezle lanetan aritzen da—, haurrak eta gaztetxoak zientziara gerturatzea du helburu programa berriak. Esperimentuen bitartez, atal bakoitzean abentura zientifiko txikietan murgilduko dira ikus-entzuleak. Izan ere, saioan neska-mutikoekin batera egindakoa praktikan jartzeko aukera eman nahi dute.
Zientzia Piztia-ren lehen denboraldiak sei minutuko hamar atal izango ditu. Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Katedrarekin elkarlanean sortu dituzte atal horiek; ostiralero, bi atal berri sareratuko ditu Makusi doako plataformak.
Aurreneko atalean, kasurako, marrazkiak bizidun bihurtzeko esperimentua aurkeztuko du Fernandezek. Errotuladore bat erabiliz, plater batean marraztutako irudiak, ura gehitzean, gainazaletik askatu eta flotatzen hasten direla erakutsiko du. Dentsitatearen kontzeptu zientifikoa erakutsiko diete modu horretan neska-mutikoei, «modu erakargarri eta dibertigarrian».
Estreinaldi gehiago
Makusi plataformak estreinaldi gehiago egingo ditu datozen asteetan. Hilaren 22an, Pottokiak 3D saioko atal berriak emango dituzte plataforman. Eta hilaren 29tik aurrera, eguzki eklipsearen inguruko sei ataleko saio berezi bat emango dute; hain zuzen ere, abuztuaren 12rako espero den eklipsearen gainekoa. Arnaitz Fernandez ariko da aurkezle saio berezi horretan ere, June Ansoleagarekin batera.