Naomi Mendizabal. 'Urratsa' podcastaren egilea

«Meditazio podcast bat dela esaten dut»

Eguneroko bizimoduaren zurrunbiloan eten bat egitera gonbidatzen du Mendizabalek 'Urratsa' podcastaren bidez. Norbere barrura begiratzeko, gorputza entzuteko eta harekin hitz egiteko ariketa bat da, euskaraz.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Aia
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ahots gozo eta konplize bat. Begiak ixteko gonbidapena. Arnasa kontrolatzekoa. Norberaren barrura begiratzekoa. Soinu xuxurlariak eta isiluneak. Bidaia bat, Naomi Mendizabalek gidatuta. Horixe da Urratsa podcasta. Meditazioari eta mindfulness-ari buruzko podcast bat. Euskaraz. Las Palmasen jaio zen Mendizabal (Espainia, 1991), baina txikitatik Getarian izan da, eta pilates, yoga eta fitness irakaslea da. Aian eta Donostian ematen ditu eskolak. Ulu Mediak ekoitzi du podcasta, eta bigarren denboraldia prestatzen hasi dira. EITB Podkast plataforman eta beste audio plataforma batzuetan entzun daiteke.

Nola sortu zen Urratsa?

Aian pilates eskolak ematen ditut [Gipuzkoa], eta saioaren bukaeran meditazio ariketak-eta egiten ditugu. Ikasle batek testu bat prestatzeko eta grabatzeko eskatu zidan, hark bere ikasleekin erabiltzeko, etxera lasai joan zitezen. Asko gustatu zitzaion, eta eragin positiboa izan zuen umeengan.

Eta orduan Ulu Mediako Oier Aranzabal agertu zen.

Meditazio ariketetarako testuak kanpotik hartzen nituen, denak gaztelaniaz edo ingelesez. Testu propioak idazten saiatzen nintzen, baina ez nintzen ausartzen nire materiala ikasleei zabaltzera. Oierrek proposatu zidan testuak idazteko eta grabatzeko. EITBkoei aurkeztu zien eta asko gustatu zitzaien. Eta hemen gaude.

Aurkezpenean dio mindfulness podcast bat dela.

Zalantzak izan nituen hitzaren erabilerari buruz. Beti esaten dut meditazio podcast bat dela.

Nahasmen handia dago mindfulness-aren inguruan. Zer da?

Mindfulness-ak bilatzen duena da, alde batetik, gure pentsamenduen zurrunbilo guztia baretzea; bestetik, momentuan bizi dituzun sentipen eta sentsazio guztiez ohartzea, nola sentitzen garen jakitea eta hori onartzea, baita gaizki sentitzen garenean ere.

Meditazioaren, mindfulness-aren eta arnasketa tekniken arteko konbinazio bat da?

Batera datoz. Arnasketa bakarrik egiten duzunean, zure arreta guztia arnasketan dago, meditatzen ari zara. Meditatzea da presente egotea zauden horretan, gauza batean zentratuta egotea.

Zein da podcastaren helburua? Jendeak zer lortzea nahi duzu?

Nire helburu nagusia da jendeak tarte bat hartzea bere buruarekin egoteko. Zeure buruari edo gorputzari bost, hamar edo podcastaren hamabost minutuak eskaintzea, begiak ixteko, erlaxatzeko, deskonektatzeko eta barrurantz sartzeko.

Begiak itxita eta erlaxatuta mundu berri bat zabaltzen da. Zergatik ez da ohikoa egunero tarte bat hartzea horretarako?

Errazena litzateke ardura gizartearen esku uztea: denbora guztian begiak irekita izatera bultzatzen gaituzte. Baina geuk dugu ardura. Hori bai, pixka bat erakargarriago bihurtu beharko genuke norbere buruari denbora eta maitasuna eskaintzea.

Pertsona ez da jabetzen gorputzak berez egiten dituen hainbat gauzataz: arnasa hartu, ibili, usaindu, ukitu... Mina agertzen denean sentitzen da gorputza?

Bai, zeuk esan duzu. Hori da bigarren denboraldiko lehen atalaren giltza: zer ondo gauden ondo gaudenean, eta nola konturatzen garen zer ondo egon garen, minen bat sortzen zaigunean.

Norbere buruarekin eta gorputzarekin hitz egitea proposatzen duzu?

Bai. Oso ariketa polita da norbere buruari hitz egitea, norbere gorputza ukitzea, goxatzea.

Ez da norberaren buruarekin hitz egiten, ikusten denak beldurra ematen duelako? Bakoitzaren miseriak, ezinak... daude.

Erakutsi egin behar da bakoitzak bere miseriak dituela. Beldurra eragin dezake zeure buruarekin hitz egiten hasten zarenean eta barrura begiratzen hasten zarenean ez jakiteak zer topatuko duzun eta aurre egin ahalko diozun.

Podcast bakoitza gai bati dagokio. Gai bakoitza kudeatzeko tresnak eskaintzen dituzu?

Podcast hau tresna bat da, ez da terapia bat.

Ez du psikologoa ordezkatzen.

Ezta pentsatu ere. Psikologoa behar duenak psikologoa behar du.

Zure bizipenekin hasten duzu atal bakoitza. Horrek erreparorik sortu dizu?

EITBk egin zigun proposamena, eta bertigoa sentitu nuen; baina oso egokia da, entzulea edukiekin identifikatzen laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.