Paramountek Warner Bros. Discovery erosi ostean, Skydance da talde erraldoi berria. Talde horren barruan dago HBO Max streaming plataforma, eta egunotan jakinarazi dutenez, Movistar Plus Espainiako plataformarekin bat egingo dute fikziozko egitasmo batzuei elkarrekin aurre egiteko. Horietako bat izango da Donostiako Moriarti ekoizpen etxearen telesail berria—besteak beste, Loreak, Handia eta Maspalomas filmak egin dituzte—. Carles Porta Kataluniako kazetariarekin batera gidatuko dute.
Datu gutxi zabaldu dira telesail berriaren inguruan. Skydance taldeak berak azaldu duenez, aktore protagonistak Eduard Fernandez —Marco filmean aritu zen Moriartiko sortzaileen zuzendaritzapean—, Anna Castillo eta Pol Lopez izango dira.Â
Bego del Tesok EITBren Orain atari digitalean idatzi duenez, bestetik, telesail berri hori DJI Ronin 4D8K kamerarekin filmatuko dute. Kamera berritzailea da hori, eta lau ardatzeko egonkortzaile bat du. Paul Urkijo zuzendariak Hiru olatuak filma ere kamera horrekin grabatuko du.
Moriartitarren —Jose Mari Goenagak, Jon Garañok, Aitor Arregi zinemagileak eta Xabier Berzosa ekoizleak osatzen dute— azkeneko filma Maspalomas izan da. Jose Ramon Soroiz aktoreak makina bat sari jaso ditu bertan egindako lanagatik, iaz Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zutenetik. Orain arte telesail bakarra egin dute Moriarti etxekoek: Cristobal Balenciaga. Disney Plus plataformarentzat egindako fikzio bat izan zen, eta 2024ko urtarrilean estreinatu zuten. EITBren Primeran plataforman ikus dezakete Hego Euskal Herriko herritarrek.
HBOk eta Movistar Plusek ekoitziko duten beste telesail propio bat da Veredicto deiturikoa. Fikzio horren ideia ere Carles Portarena da. Aktore protagonisten artean, Nagore Aranburu dago.