Irailaren 26an iritsiko da Euskal Herriko zinema aretoetara Maspalomas, Moriarti Produkzioak ekoizpen etxearen euskarazko film berria —Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatuko da—. Estreinaldi hori iritsi bitartean, Primeran doako plataforman moriartitarrek egindako hainbat lan ikus daitezke. Lehendik ere bazen bilduma bat, eta ekoizpen gehiagorekin osatu dute orain.
Jose Mari Goenagak zuzendutako Tercero B (2002) eta Lagun mina (2011) film laburrak dira bildumako nobedadeetako batzuk. Jon Garañoren On The Line (2008) eta El metodo Julio (2010) film laburrak gehitu dituzte, era berean.
El metodo Arrieta Jorge Gil Munarrizek 2013an zuzendu zuen dokumental bat da, eta hori ere Primeran-en ikus daiteke jada. Baita Garañok zuzendutako Perurena dokumentala ere (2011). Garañok sinatua da, halaber, The Dragon House (2005). Sahara Maraton dokumentalaren (2004) zuzendariak Garaño eta Aitor Arregi dira, eta hori ere gaineratu dute bilduman.
Moriartitarren Primeran-eko bilduman ikusgai daude 80 egunean, Loreak eta Handia euskarazko film luzeak, baita Lucio dokumentala eta beste hainbat ekoizpen ere.
Telesail entzutetsu bat dute egina moriartitarrek: Cristobal Balenciaga (2024). Baina hori Disney Plus plataforman baino ezin da ikusi.