'Musika zuzenean' saioaren 300. atala ospatuko du Hamaika Telebistak

Irailaren 13an musika festa bat egingo dute, lorpena ospatzeko. Egun horretan bertan, 'Ni ez naiz sorgina' dokumentala proiektatuko dute Xaloa, Kanaldude eta Hamaika telebistetan.

Koldo Otamendi eta Sara Azurza, 'Musika zuzenean' saioan. HAMAIKA TELEBISTA
Koldo Otamendi eta Sara Azurza, 'Musika zuzenean' saioan. HAMAIKA TELEBISTA
2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraila hasi da, eta, horrekin batera, euskal hedabideek denboraldi berriari ekin diote. Hamaika Telebistak Gurean gaur aktualitate saioarekin hasi du denboraldia ofizialki, baina ez da edozein denboraldiren hasiera bezalakoa izango, Musika zuzenean saioaren 300. emanaldia izango baita. «Iruditzen zait oso onuragarria dela euskal kulturan eta musikan horrelako tarte bat egotea», azpimarratu du Ainhoa Jauregik, Hamaika Telebistako zuzendariak.

Jauregik espero du denboraldi honetan Hamaika «pixkanaka bere tokia topatuz» joatea. Aktualitatearen aldeko apustua egiten dute, eta horrela jarraituko dutela dio. Formatu askotarikoetan jarduten du hedabideak, baina adierazi du urte askoan telebistako programazioan zentratuta egon direla, eta orain «indar handiagoa» jartzen ari direla sare sozialetan eta webgunean: «Publiko pluralago batengana iritsi nahi dugu; telebistako publikoa heldua da, baina gazteengana ere heldu nahi dugu». Gazteengana iristeko, edukia «beste modu batera» jorratzen saiatzen dira, bertikalean, TikTok eta Instagram sare sozialetan.

Musika zuzenean saioak du arrakasta handienetakoa gazteen artean. 2017. urtean abiatu zuten, eta jada 350 elkarrizketatik gora egin dituzte, zazpi denboralditan; disko berriak izan ohi dira saioaren ardatza. «Gurean gertatzen dena islatu nahi dugu, eta zer hobe disko berrien inguruko erreportajeak egitea baino. Hala ere, gaur egungo Euskal Herriko musika eszenaren icebergaren punta erakusten dugu gure saioan», adierazi du Hamaikak, ohar baten bidez. Elkarrizketa horietatik guztietatik ez da bat bera ere errepikatu, eta urtean egiten dituzten 50 saioak «ez dira nahikoa» dena erakusteko. Jauregik dio «erraza» izaten dela elkarrizketak lortzea, «Euskal Herrian talentua baitago», eta zera gehitu du: «Niretzat, Hamaikaren berezitasun bat da erakusleiho oso indartsua dela, talde hasiberriei zein sortzaile beteranoei tokia egiten baitiegu». 

Rocka, punka, hardcorea, cumbiak, korridoak, soula, rantxerak, heavy metala... Estilo ezberdinak erakustea gustatzen zaiela adierazi du, eta elkarrizketatzen dituzten talde guztien hizkuntza nagusia euskara dela. «Beste leku batzuetan, talde edo abeslari komertzialagoak ikusten dira. Hamaika beti saiatzen da aukera ematen talentua ikusten duen jendeari», azaldu du Jauregik. 300. ataleraino iritsita, ibilbide luzea egin du saioak. Jauregik azaldu du ez dela «erraza» izan Musika zuzenean horrenbeste denboraz emisioan egotea. Edonola ere, uste du «oso ona» dela Hamaika telebistarentzat astero horrelako saio bat edukitzea.  

Musika festa

Musika zuzenean saioaren 300. atala ospatzeko, irailaren 13an musika festa bat antolatu dute Bilboko Bira kulturgunean, 18:30erako. Denboraldi berriaren aurkezpena izango da, eta bertan, ibilbidean egindakoaren lagin bat ikusteko aukera izango da. Kareta eta diseinu berria ere erakutsiko dituzte, denboraldiko berezitasun nagusiak. Zuzeneko musikarik ez da faltako; Gailu taldearen kontzertua eta The Rude Kids binilo selektoreen reggae disko-jartzea izango dira.

Irailaren 18an emango dute denboraldiko lehen atala, 22:00etan, eta halaxe izango da ostegunero, ordu berean. Silitia, Ekiza, Hartza, Nhil eta Bellum taldeak pasako dira saiotik, besteak beste, baina aurkezpenean jakingo da nor izango den denboraldiko lehen gonbidatua.

Dokumentalak ere ikusgai

13an bertan, 21:30ean, Asisko Urmenetaren Ni ez naiz sorgina dokumentala estreinatuko dute Xaloa, Kanaldude eta Hamaika telebista kateetan. Hiru hedabideak elkarlanean aritu dira lehen aldiz, eta horrek «abiapuntu» gisa balio diezaiekeela dio Jauregik: «Azken finean, hiruron artean hedapena eman diezaiokegu proiektu bati, eta lurraldetasuna mantendu».

Denboraldian, Hamaikan beste dokumental batzuk ere ikusteko aukera izango da. Bestalde, Nafarroako saioak ikusten jarraitzeko aukera ere egongo da. Bizi(b)herri eta halako saioak egongo dira ikusgai hasieran, eta azaroan 11 Leiho batuko da zerrendara, besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.